Jai eredu kapitalistaz
Aste honetan Porrontxoak hasiko dira eta hemen gabiltza, ilusioz, bi urte ondoren, auzoko jaiak antolatzen. Dena, ordea, ez da poza. Jaiak hurbildu ahala eta pandemiaren ondorio batzuk azaleratzen ari diren heinean, hainbat kezka azaleratu zaizkigu. Jada murgilduta ginen krisialdiaren sakontzeak, kapitalaren akumulazioa ahalik eta maila handienean gauzatzeko langile klasearen bizimodu bortitz eta biolentoaren areagotzea ekarri du. Horren erakusgarri dira gazteon kriminalizazioa, lan baldintzen okertzea, oinarrizko beharrizanak asetzeko ezintasunaren handitzea eta abar.
Egiturazko biolentziaren baitan, emakume langilearenganako biolentzia ezinbestekoa da. Emakume langilea subjektu debaluatu moduan definitu eta hori sustentatzen duen ideologia matxista, norma kultural bilakatzen da. Era horretan, emakumearen zapaldu izaera betikotu eta bermatzen da. COVID-19aren testuinguruan, beraz, subjektu zapaldua izanik, ondorio eta kalte gordinenetarikoak jasango ditugunak izango gara. Egoera hau kontuan hartuta, emakume langilearenganako indarkeriak hartzen duen forma konkretu bati egin nahiko nioke erreferentzia lerro hauetan: indarkeria matxistari.
Biolentzia matxista eguneroko bizitzan modu desberdinetan antzeman dezakegu: zapalkuntza juridiko-kulturala, emakumeon bizitza eta gorputzarekiko kontrola, aitortza politiko eza, tratu txarrak, kaletik deseroso ibiltzea, eraso sexualak, jipoiak, mehatxuak… Honekin lotuta, badira indarkeria bere esentzian daramaten zenbait testuinguru, horien artean jai eredu kapitalista. Jaietan, gizartearen harremantzeko forma bortitzak eta emakume langileon hipersexualizazioak bere forma agerikoenak garatzen ditu. Hori dela eta, jaietan, besteak beste, indarkeria matxistaren gorakada bat emateko eta honen aipaturiko eraso desberdinak gauzatzeko baldintzak ezartzen dira. Horren adibide dira urtero festa ezberdinetan salatzen diren eta salatu gabe gelditzen diren jazarpen ugariak.
Auzi honek berebiziko pisua hartzen du emakume gazteon kasuan, jai giroa baita gazte langileon sozializaziorako esparru bakarrenetarikoa; eta, are eta garrantzi gehiago hartzen ari da bizi baldintzen okertzea ematen ari den une honetan. Hori dela eta, jai eredu kapitalistaren erreprodukzioa indarkeria matxista gainditzeko den oztopoa ikusita; biolentzia forma honen desagerpenera bidean erasoen kontrako jarrera aktiboa edukitzea beharrezkoa izango dugu. Batetik, langileon baitako erasotzaile sexualak edota instituzio burgesek indarkeria matxistaren betikotzean duten funtzioa seinalatu beharko dugu. Horrez gain, salaketatik haratago, eta hau deuseztatzeko proposamen politiko erreal baten faltaren aurrean, emakume langileon interesak erdigunera ekarri eta sozializatzeko eta antolakuntzarako espazioak indartzeko lan egingo dugu.