Jesus Naves
Urtarrilaren 17an goiz partean hil zen Gasteizen, bere etxean, Jesus Naves. Euskal Herriko langile mugimenduaren berri duenak jakingo du nor izan zen Jesus. Urte batzuetan aurrera doanak jakingo du Gasteizko 1976. urteko gertakizunen berri. Eta jakingo du zerbait Navesi buruz.
Gasteizko 1976ko greba ospetsu hartan egin ziren ezagunak greba hartan lantegietako ordezkari izan ziren batzuk, batzarretan hitz egiten zutenak, langileen artean nahi ez izan arren nabarmendu zirenak, atxilotuak izan zirenak. Bada horietako bat izan zen Jesus.
Gizon hori ezagutzeko zortea izan genuenok, berarekin asmoak, kezkak eta ametsak partekatu genituenok geure memorian izango dugu orain joan zaigun Naves. Bera jatorriz hemengoa ez bazen ere laster bertakotu zen.
Guk klandestinitatean ezagutu genuen langile mugimenduan militatzen, langileen komiteak sortu zirenean bera hasieratik hantxe ezagutu genuen. Han militatzen genuenontzat erreferente izan zen. Egoeraren inguruan analisia egiterakoan zuen argitasuna miresgarria zen. Oso gizon apala, harrokeriarik gabea, argia eta borrokalaria.
Horregatik, berak nahi gabe ere itsasargia bezala izan zen guretzat. Zuen munduaren ikuspegia erabat gizatiarra izanik, zapalkuntza ororen aurkakoa zen. Heziketa apaizarena bazuen ere elizatik laster aldegin zuen. Lan munduan sartu zen, langile bat gehiago izan nahi zuen eta kapitalismoaren aurka borrokatu. Eta horrela egin zuen bere bizitza guztian. Nahiz eta jatorriz hemen jaiotakoa ez izan beste euskaldun asko eta asko bezala, kasu honetan Gasteizko langile mugimenduan ez ezik, ikastolen aldeko mugimenduan ere sartuta ibili zen.
Gure batzarretan independentzia nola defenditzen zuen ez dut ahaztuko. Sinpleki, zioen menpekotasun ororen aurka zegoela, dependentzia ororen aurka, alegia.
Urte askotako harremana izan dugu. Inoiz ez dio uko egin bere ideiei eta horien alde borroka egiteari. Erretiroa hartu ondoren ere segitu zuen borrokan. Bere kezketako bat armagintzaren aurka egitea zen. Gainera, Gasteiz, gaur egun, ere arma fabrika askoren gune da, eta kontziente zen langintza horrek, batez ere hirugarren munduan egiten duen kalteaz, eta organizatuta aritu zen borrokan errealitate horren aurka.
Navesi buruz gauza interesgarri gehiago esan ditzakegu. Ni hemen geldituko naiz eta bera gogoratuko dut amultsuki eta maitasunez. Agur Naves.