Balorazioak egiteko garaia
Urtearen amaiera hurbil daukagu eta ohitura dugu urtean zehar egindakoa aztertzeko. Hori horrela, batez ere, euskaldunontzat eta Donostiatik begiratuta bi gertaera nagusi aipatu beharko genituzke guztiok hausnar ditzagun: bat Gure Esku Dagok gauzatu duen galdeketa, eta bi Euskaraldia.
Badakit bateko zein besteko arduradunak balorazio lan horretan murgilduta dabiltzala. Dudarik ez dut batzuk zein besteak saiatuko direla ahalik eta objektiboen izango den balorazioa egiten, eta horretarako lanean aritu direnen iritziak jasotzen saiatuko direla.
GEDk egin duen galdeketak 21.000 donostiarron partehartzea izan du. Partehartze hori batzuentzako handia izan da, eta beste batzuentzako txikia. Partehartzearena alde batera utzita, azpimarratuko nuke antolatzaileek erakutsi duten gaitasuna horrelako lan eskerga aurrera eramateko, izan ere, txapela kentzeko moduko lan boluntarioa izan da arduradun horien guztiena. Ez dago Donostian indar handiagoa duen mogimendu sozialik Piratena ez bada.
GEDk egindako galdeketa eta berehala, Euskaraldiako egitasmo arrakastatsua izan dugu. Milaka donostiar paparrean txapa jarrita ibili gara 11 egun horietan. Gainera, askok eta askok jarraitzea erabaki dute, halaber, norbanakoak ez ezik erakunde eta instituzio pilo bat ere konprometitu dira euskararekin. Oso hunkigarria izan da. Ikusi dut horrelako dinamika batean instituzioek parte hartzen dutenean ekimen horrek duen eragina jende artean nabarmen handitzen dela, alegia, norbanakoak konfiantza handiagoa izaten duela eta asmoak errazago betetzen direla. Dudarik gabe, Euskararen Kontseiluak esan bezala, aurrera begira gauzak nola egin behar diren erakusten digu. Baina, «postureo» edo itxurakeria ere egon dela iruditu zait parte hartu duten batzuen aldetik. Adibidez, Euskararen egunean bertan, bi bider pasatu nintzen Urumea ertzeko kasetak dauden pasealekutik eta bozgoragailua erdara hutsean ari zen. Gero jakin dut euskarazko abestiak ere jarri dituztela. Niri erdarazkoak tokatu zitzaizkidan. Beharbada datorren urtean erakundeen eta instituzioen Euskaraldiarekin normalizatzen joango dira gauzak.