Jexux Arrizabalaga: 'Txillardegiren VI. urtemuga'
Urtarrilaren 14an beteko dira sei urte Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela. Donostiarra, ingeniaria, euskaldun berria eta gure historian ohorezko lekua merezi duena, berak gure kulturari emandako emaria garrantzitsua izan baitzen.
Francoren urte beltzetan gazte askoren kontzientzia abertzalea eta euskaltzalea berpiztu zuen gizona. Gutako askorentzako erreferentzia; abertzaletasun modernoaren sortzaile eta aldi berean ekintzaile. Bera izan zen pentsamendu iraultzaile berri bat planteatu zuena, bai euskararen inguruan eta bai abertzaletasunean ordura arteko oinarriak irauliz. Halaber, bere pentsamendua praktikara eraman zuen, pentsamendua eta praktika lotuz.
Dena dela, berak utzi ziguna ez zen mugatu abertzaletasun berriaren oinarri berriak jartzera. Askoz ere aberatsagoa izan zen bere emaria. Oso gazterik ekin genion egiten zituen proposamen eta gogoetak irakurtzeari. Hor kokatzen dira 1965ean idatzi zuen Huntaz eta Hartaz, non ordurarteko jendartearen uste eta iritzi asko kritikatu eta mundu berri bat proposatzen zuen. Geroxeago eta jada klandestinitatean erbestetik idatzitako Branka aldizkaria irakurtzen genuen, non ideia berriak, eztabaidarako proposamen berriak eta ikuspegi kosmopolita zuten idatziak. Europan modan zeuden existentzialismoa, marxismoa, estalinismoa eta abar aztertzen zituen. Horrez gain, garaian munduan zehar gertatzen ari ziren askapen nazionalen aldeko borroken berri ematen zigun. Hori guztia beharrezkoa genuen hemen gertatzen ari zena ulertu eta bizi genuen zapalkuntzari aurre egiteko.
Euskararen egungo paradigma berriaren oinarriak ere ezin dira adierazi Txillardegiren emaria kontuan hartu gabe. Bai euskararen formari dagokionez, bai edukiari dagokionez. Beste modu batean esanda, euskara batuaren aitzindaria bera dugu. Ez bera bakarrik, baina bai nagusiena, nire ustez. Batuaren oinarriak formulatu zituena eta egikaritzen etengabe saiatu zena bera izan zen. Hor ditugu 1968an Euskaltzaindiak Arantzazuko Batzarrean hartutako erabakiak. Nekatu gabe, etsai ugari izan arren, segitu zuen bidea markatzen gaur ezagutzen dugunera iritsi arte. Halaber, bere jarduna ez zen hizkuntzaren forma berrien oinarriak jartzera mugatu. Euskara batu berri horretan oinarritutako literatura modernoaren aitzindaria ere izan zen ( Leturiaren egunkari ezkutua, Peru leartzako, Elsa Scheelen…) bere lagun Mirande, Aresti eta Krutwingekin batera.
Gure belaunaldiaren bilakaera ezin da ulertu Txillardegi gabe. Bere ikuspegi politikoak puskatzen du ordura artekoarekin: euskaldun fededunaren ordez euskaldun laiko; abertzaletasun autonomikoaren ordez abertzaletasun iraultzailea; kristau demokraziaren ordez sozialismo humanista; kultura arkaikoaren ordez kultura modernoa; euskara garbitzailearen ordez euskara batua. Bere testuak irakurriz ilustratu ginen.
Bere bizitza osoan koherentea izan zen. Izan zituen gora beherak alderdi politiko desberdinekin, baina beti abertzalea eta ezkerrekoa izan zen, bai pentsamenduan, bai praktikan.
Bat baino gehiago harritu da horrelako pertsona izan eta nola ez duen oraindik bere izena gordeko duen eraikin, kale edo plazarik, baina egia esan, ikusita dagoena ez da harritzekoa.
Eskerrik asko, Txillardegi!