Justizia ala justiziak?
Justizia hizki handiekin idatzita, ororen gainetik bat eta bakarra balitz bezala ikustea, ez da sinesgarria, izan ere, betidanik, herritarren artean kontraesanak sortzeko baliatu dute. Eta gaur egun ere horrela da, hau da, jendartean zatiketak eragiten dituen eremua.
Europako Batasunean estatu batzuek erabaki dute «Osasun Muga» ezartzea eskuin muturreko alderdi politikoei. Hori, legea erabiliz ari dira egiten. Aldiz, estatu espainiarrean ez da horrelakorik, oraingoz, behinik behin, gertatu, hareago, esan dute VOX alderdia konstituzionalista dela eta beraz legezkoa dela.
Zer dago honen guztiaren atzean?
Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean Nurenbergko epaiketa ospetsua hasi zen eta epaiketa aurrera joan ahala konturatu ziren, batez ere, juduen aurkako holokaustoa deitu zaion genozidioa eman zela, eta ez zela izan alderdi naziko buruzagi batzuen kontua soilik, baizik eta ez- ikusiarena egin zutenena, eta gorrotoaren hedapen soziala ere izan zela erruduna. Holokausto horretan oinarrituta joan ziren gaur egungo europar justiziaren oinarriak jartzen, berriro horrelakorik gerta ez dadin.
Espainiako Estatuan, berriz, justiziak ez du izan Europan izan duenaren antzeko bilakaerarik. ETAren aurkako borrokan oinarriturik egin dute justiziaren egungo egokitzapena. Frankismo garaiko Tribunal de Orden Público hura Audiencia Nacional bilakatu zen egun batetik bestera; frankismotik zetozen fiskal, epaile eta poliziak, bat-batean, demokrata bilakatu ziren; agintari politiko frankistek alderdi politiko demokratak sortu zituzten (Manuel Fraga, Adolfo Suarez, Martin Villa…); torturak ezkutatzen segitu zuten eta abar. 1978ko trantsizioan ez zen haustura demokratikorik izan. Horren ondorioak dira justiziaren aurrean bi kategoriako biktimak izatea.
Justizia, historian zehar aldatzen joan den boterea izan da. Nork agindu, hark erabakitzen du nolakoa izango den. Erdi Aroan zegoen justizia ez zen Aro Modernoan zegoena. Aro Modernoan zegoena ez zen Iraultza frantsesean izan zenaren berdina. Orain, Europako estatu gehienetan dagoena ez da Iraultza Frantsesean zegoen berdina. Ondorioz, kontraesanak sortzen dira behin eta berriz. Orain ere bai. Estrasburgoko epaitegiak sarritan zigortu du espainiar justizia, ez baita egungo Europako demokraziaren parametroetan funtzionatzen ari (Altsasu, La Manada, procés-a,…)
Gauzak horrela, geuk joan beharko dugu geure justizia sortzen. Gainera, ez da kasualitatea berreuskalduntze prozesuan makalen euskalduntzen ari den esparrua izatea.