Kabi-fy
Demagun Parte Zaharrean taberna ireki nahi dudala. Araudiak ez dit uzten, zonaldea lepo baitago. Beraz, zirrikitua bilatu eta denda irekitzea otu zait. Jan eta edan denda, bezeroek bertako aulki eta mahaietan dastatu ahalko dituztenak. Eta hortxe nire tabernatxoa, horretarako lizentziarik gabe.
Antzekoa egiten dute Uber eta Cabify bezalako aplikazioek. Entzungo zenuten zer edo zer saltsaz. Izan ere, Madrilen elurra egiten duenean estatu osoan egiten du; eta, jakina, geure gainera ere erorrarazten dute. Denarekin, Uberren gatazka (geure) mundu osoan dabil. Bartzelona eta Madrilen harroturiko hautsak gurera iritsi ez badira, ez da izan bi enpresa horiek Euskal Herrian sartzen saiatu ez direlako.
Aditu (eta, antza, aritu) askori entzun diot Uberrek taxiekiko duen xarma zerbitzuan datzala: aplikazio modernoa, geolokalizazioa, ur botila eta guzti… Txakurraren bibolina! Uber nahiago izatearen gakoa prezioa da. Taxiarekin lehiatzen denetan, behintzat, Uber eta Cabify bezalako zerbitzuak merkeagoak izan ohi baitira. Zer dela eta? Bada, besteak beste, taberna irekitzeko amarrua egiten dutelako: lizentzia bati beste erabilera ematea. Eta, jakina, euren «langileek» gutxiago kobratzen dutelako.
Halako gatazka askoren atzean erregulazioa(e-aza) dago. Erregulazioa, erakunde publikoek erabakitzeko zer nolako eskaintza izango duten hirian taxiek, garraio publikoak eta besteek. Erregulazioa salneurrian, bezeroak zein langileak jakiteko zenbat balioko duen zerbitzuak. Izan ere, Uberren salneurriak eskariaren arabera aldatzen dira. Kasurako, Londongo atentatuetan jende askok autoa eskatu zuenez, prezioek gora egin zuten. Eta behin monopolioa (edo duopolia) lortuta, nahieran finkatzen dute. Baina ez langilearen mesedetan.
Tristeena zera da: eskuzabalago hartzen ditugu geure kabian Uberren moduko depredadoreak aurrera egitera datozen langileak baino. Txapela kontsumistatik, behintzat. Komeriak ubehargin bihurtzen gaituztenean datoz: lan baldintza txukunen ordez, lehiakortasun hutsaren mende jartzen gaituztenean. Erremedioa ez da kanpoko langileari muzin egin eta San Frantziskoko enpresa modernoari ateak irekitzea, baizik eta geure hiri eta ekonomiei ematen diegun antolaketan.