Kaleko Afari Solidarioak udalaren aztergai
Joan den astelehenean Aitziber San Roman Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak prentsaurrekoa egin zuen Kaleko Afari Solidarioak (KAS) mugimenduaren fenomenoa aztertzeko agindu zuen ikerketa baten berri emateko. Lotura Giza Garapena enpresak burutu du lana kalean banatzen diren afarien erabiltzaileen errealitatea eta beharrak ezagutzeko helburuarekin. Kaleko Afari Solidarioak 2020ko azaroan sortu zen Parte Zaharrean, kalean bizi diren pertsonei egunero afari bero bat eta goxotasuna eskaintzeko. Mugimendua Donostiako beste auzo batzuetara zabaldu zen segituan eta gaur egun, Parte Zaharrean ez ezik, Egian eta Amaran ere banatzen dira afariak.
Boluntariook hasieratik izan dugu argi hutsune bat betetzen ari garela, erakundeei dagokien lana egiten ari garela, alegia. Hala azaldu diogu udalari elkartu garen aldi oro. Zentzu honetan, positiboa iruditu zaigu udalak ikerlan hau agindu izana. Besteak beste, udalak gure datuekiko zuen mesfidantza uxatzeko balio izan du. Horrela, gure elkarlana izan dute azterketa garatu duten teknikariek, datuak esku artean izatea lehen pausoa baita diagnostiko serio bat egiteko eta konponbideak garatzeko. Zoritxarrez, udalak egin duen ikerlanaren irakurketak gehiago dirudi bere burua zoriontzeko aukera bat gurera afaltzera etortzen diren pertsonak laguntzeko ahalegin zintzo bat baino. Horixe da San Romanen agerraldiak utzi zigun irudipen kaskarra.
Ikerketak datu ugari ematen ditu: 136 lagun etortzen da egunero KASeko afarietara, gehienak gizonezkoak dira (135), gazteak (%59 da 29 urtetik beherakoa), magrebtarrak (%92) eta kalean lo egiten dute (%78,3). Baina bada datu bat bereziki garrantzitsua dena San Romanentzat, beste guztien gainetik nabarmendu nahi izan zuena: Donostian daramaten denboraren iraupena hain zuzen ere. Afaltzera datozen 136 lagun horietako %88 urtebete baino gutxiago egon dira gure hirian; %70, sei hilabete baino gutxiago; eta %35, hiru hilabete baino gutxiago. San Romanek honekin ondorioztatzen duena da gazte hauek ez dutela sustrairik Donostian, mugikortasun handiko gizataldea dela. Udalak ezinbesteko baldintzatzat jotzen du hirian errotua izatea duela urtebete abian jarri zuen Otorduak programan parte hartzeko. Donostiako udalak eskuak garbitzen ditu 136 pertsona hauen oinarrizko beharrei erantzuteko eginkizunaz, hirian errotuta ez dauden aitzakiarekin.
Agerraldi berean San Romanek bere burua zoriondu zuen 136 lagun hauen artetik %70 udaleko giza zerbitzuetan izena emanda daudelako. Ez al da hori hirian sustraitzeko ahalegina? Bere burua areago zoriontzeko bigarren lorpen gisa aurkeztu zuen goian aipatutako Otorduak programa. Udalak hiriko zenbait jatetxe eta jantokirekin duen hitzarmenaren bidez, 60 plaza ditu beraietan bazkaltzeko eta afarirako ogitarteko edo tuper bat jasotzeko. Gaur egun 51 lagunek parte hartzen dute programan. Ezinbestekoa da parte hartu ahal izateko goian aipatutako errotzea erakustea, gaitasun sozialak izatea eta beste motatako laguntzarik ez jasotzea. Bigarren eskakizunak, gaitasun sozialarenak, badu bere koska. Izan ere, kaleko afarietara etortzen den kopuru altu batek buruko eta kontsumoekin lotutako arazoak ditu. Ez dute, beraz, eskakizun hori betetzen. Isilik egon zen San Roman gai honi buruz ere. Ikerketak berak arreta psikologiko edo psikiatrikoa beharrezkoa jotzen du. Hau ere ez omen da udalaren erantzukizuna.
Beraz, dela errotze faltagatik dela gaitasun sozial faltagatik, 136 pertsonak ez du lekurik udalaren programan. Baina hori ez da kezkagarria San Romanentzat. Lotsarik gabe esan zuen hamarretik zortzik gosaltzeko aukera dutela, gehienak Gurutze Gorrian (asteburuetan zerbitzurik ez dela egoten ahaztu bazitzaion ere) eta hamarretik zortzik ere bazkaltzeko aukera izaten dutela Jatorkin erakundean. Ez direla goseak hilko alajaina! Eta oraindik lotsa gutxiagorekin, posible den neurrian behintzat, bota zuen bota ere Kaleko Afari Solidarioak taldeak egiten duguna «pobreei janaria ematea» dela, «zaharkitutako» eredu bat. Udalak egiten duena ordea «inklusioa» da.