Kalitatezko etxebizitza unibertsala, Donostian?
Bizi baldintzen okertze, sufrimendu eta krisi egoera kronikoa bizi izan dugu 2008tik. Egonkortasun sozial eta laboral handiago batean bizi izan ahal den baby boom belaunaldiaren seme-alabok Ongizate Estatuaren desagerpena, prekarietate orokortua eta ezegonkortasun soziala ezagutu ditugu. Proletarizazio prozesu honek aurpegi asko ditu, baina etxebizitzarena izan da nagusietako bat.
Datu batzuekin egin dut topo. 2014an bertan etxebizitza baten jabe ez den populazioaren proportzioak goia jo zuen EAEn, %47,6 batekin (1996-an %23,5 zen hau). Populazioaren erdia beraz ez da gai jabetza baten egonkortasuna izateko; alokairuan, hipoteka batean edo etxerik gabe bizi dira, adibidez. 2008-2018 artean enbargoen kopurua %180 hazi zen, eta hori gutxi balitz, neguan etxean tenperatura egokia izateko ezintasuna dutenen kopurua %125,5 handitu da. Datu hauek eskuan, ez da harritzekoa egungo egoeran aurkitzea.
Legeak (konstituzioak edo NBEak adibidez) etxebizitza izateko eskubidea aitortu arren, kontraesankorra da hura lortzeko ezintasuna gero eta handiagoa izatea. Joera orokor hau are gogorrago bizi dugu Donostialdean turistifikazioak zein hiriaren elitizazio orokorrak izandako eraginagatik: alokairu zein erosketa prezioaren garestitzea, etxebizitza publikoaren eskasia, ostatu -legal zein ilegalen- errentagarritasuna, bigarren erresidentzien eta etxe hutsen kopurua… Gure gurasoek hiri honetan eraikitako bizimoduari jarraikortasuna emateko ezintasuna eragiten dute, langileak –eta bereziki gazteok– hiritik kanporatuak izanik.
Etengabeko saiakerak egon dira irtenbideren bat bilatzeko. Udal ordenantzaren erreforma, alokairu edo hipoteka ordaindu ezin dutenei aholkularitza juridikoa edo turismo zein duela gutxi etxebizitzaren auziaren inguruan erregulazio gehiago eskatu dituzten manifestazioak. Hiri honetan aberastasun gehien metatzen dutenak, alabaina, arazo honetatik elikatzen dihardute; alokairuen errentatik aberasten direnek, taberna multzoen jabeek, edota eraikitzen ari diren hotel kate berriek sortzen duten dinamikak gainerako hiri osoa arrastaka daramate.
Etxebizitzaren auzia errotik askatzeko bide orriaren faltan, aldebakarreko erreformen bideragarritasuna kale itsuetan barrena aurkitzen da. Ordenantza berriak, kaltetuentzako aholkularitza, jabeen aurkako presioa edo eskura dugun beste edozein gatazkak, borondate politiko bat ekarri beharko luke; borroka ekonomiko hutsa borroka politiko bihurtzea. Kalitatezko etxebizitza unibertsalaren aldeko borrokan kokatu beharko genuke, eta beraz, sozialismoaren lorpenean.