Kapital apain
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barruan, Hormek Diote izeneko proiektua gauzatu genuen. Proiektuak, bere izaera eta joera kritikoarengatik ez zuen oihartzun handirik izan medioetan, ez eta onarpen kartsurik antolakuntzan (konfidente ausart gutxi batzuk kenduta). Ziurrenik, guk ere ez genuen asmatu gure proposamena gure hiriko nortasunera ekartzen.
Paradoxikoki, egunotan gehiago hitz egiten gabiltza orduan eginikoaz. Mural horiek izan dira 2016ko egitasmo hartatik eguneraino bizirik mantendu diren azken aztarnak. Horien artean mural berri batekin tapatua izan den Igor Rezolaren Kapital pintada lana. Argi dugu pareta hauek, guztionak eta aldi berean inorenak direla. Hain zuzen ere, kaleko artearen ardatz nagusia kaleko paisaia eta kontestuaren aldaketa konstante eta saihestezina da. Iragankortasuna. Azaleratu nahi duguna ez da aurreko lanen desagerpena edota berrien sorkuntza, baizik eta kaleko artearen ulermen eta erabilpena.
Blu mural egile ezagunak, 2017an ekin zion bere mural erraldoi famatuak ezabatzeari, hauen erabilpen turistiko eta gentrifikatzailea ekidin eta salatzeko. Ez da bakarra izan. Ordurako, muralismoaren eztabaida puri-purian zegoen. Hormek Diote egitasmoan, Arteak kale egiten duenean aurkeztu genuen, non kalean pintatzea debekatua dagoen hiri batean mural proiektua egiteak suposatzen zuen kontraesanaz aritu zitzaigun Xabier Gantzarain, besteak beste, Urgull magalean azaldu zen Banksy fake grafiti haren kontura agintariek egin zuten erridikulua adibide jarrita.
Ez da borroka erraza. Administrazioa kultur jarduera ia guztien sustatzaile eta babesle bihurtu da, eta haren eskutik joan behar izaten du sortzaileak. Artistak administrazioaren eskutik jaten badu, obra museoek erosten badiote, eta sariak bankuen izenean jasotzen… nola jarriko da gero administrazio horrek bultzatzen dituen proiektuen kontra? Arte eta kultura domestikatuaren garaietan bizi gara, eta onar dezagun, eroso bizi gara gainera.
Horregatik dute egun esanahi eta balio berezia 2016 hartan egin ziren pintadek: Igor Rezolak Donostiako erdiguneko paretan eginikoek; Ismael Iglesiasek Intxaurrondon margotu eta bizilagun batek salatu eta ezabatzea lortu zuenak; Martin Etxauriren mapping jostalariak; Trintxerpeko Cirizatik berriki ezabatutako Judas Arrietaren lanak; Haatik dantza taldeak paretetan margotutakoak, zeina dantza bihurtu baitzuten; eta Mentalgassi kolektibo alemaniarrak kalean jarritako obrek, polizia munizipal ezjakinek erretiratu zituztenek. Hormek diotena isildu eta Donostia apaindu nahi digute. La Bella Easo eraikitzen jarrai dezagun; harri-kartoizko dekoratu hiri ederra geratzen ari zaigu.