Komunetik komunitatera
Etxea zer den. Halaxe jarri zuten gaia bertso eskolan eta galderari bueltaka aritu zara azken asteotan. Zure ez diren espazioetatik agurtzean «etxean bezala sentitu naiz» esan izan duzu, baina esaldi horren benetako esanahia argitzeke duzu oraindik. Orduan hasi zara lehen ideia zaparradarekin: etxea dela patxada ematen dizun espazioa, zure buruarekin egoteko tartea ematen dizuna, armonia aurkitzeko txokoa, kaleko iskanbila ahaztu eta oskola barrura itzultzeko aukera ematen dizuna…
Bigarren buelta batean agertu dira etxe barruko zaratak: bizilagunen arteko ezinikusiak, guraso eta anai-arreben arteko liskarrak, lagunen arteko inbidiak, bikotean oihu egiten duten isiluneak. Inoiz etxetzat zure logela soilik hartzera iritsi zarela ohartu zara. Baina burura datorkizu logela bera gatazka-espazio bilakatu eta komun zuloa babesleku izan zenuenekoa ere. Hasierako ideia idilikoak ihes egin dizu hodietan behera.
Orain bazoaz eraikinera, lau pareten kontzeptura. Kristaldun atea, bebarrua, eskailerak, igogailua, egurrezko atea. Bestaldean pasillo bat eta hurrenez hurren sukaldea, sala, komun txiki bat, bi logela eta aulki bat justuan sartzen den balkoia. Ondo pentsatuz gero, etxearen luzapen hori da etxekoen egiten zaizuna, kanpoko airera bultzatzen zaituena. Balkoitik ikusten dituzu kale estua, eta hondoan poteoko azken geldialdia egiten duzun taberna.
Kale estu horri entregatu izan dizkiozu zigarro-puntak, ezinezko elkarrizketak, pasioak, botakak. Ordu txikitan zorabioa gainditu nahian loak hartu izan zaitu berari begira. Berari zor diozu airea eta inprobisazioa. Edozein unetan koadrilakoek Whatsappen «pote bat?» idatzi eta bost minutuan auzoan egoteko aukera. Balkoiak kalera nola, kaleak luzatzen baitzaitu auzora. Koadrila, taberna kuttuna, eskola, lagunak, bilerak, betiko fruta denda, familia. Jaiak, Korrika, afariak, enkarteladak.
Orain, kapritxo moduan, marrazki bizidunetan bezala, bi hatzen artean hartu duzu eraikina, eta airean eraman duzu beste herri batean lurrartu arte. Paraje eder bat aukeratu duzu: bistak itsasora, inguruan zelai berdeak. Ederra bai, denetan ederrena. Baina zerbait sumatzen duzu faltan: zure komunitatea. Tamalez, Donostian jaiotzea tokatu zitzaizun. Eta zurean geratzea luxua denez, has zintezke ideiara egiten. Ez inguru eder horren ideiara, zure komunitatea uztearenera baizik.
Edo agian pentsatzen hasi beharko zenuke zure etxea defendatzeko modua komunitatean antolatzea izan daitekeela.
Etxea zer den.