Kopako finala
Amonaren begiradak ohartarazi zidan gauzak aldatzen ari direla, bai. Begiak dirdiraz blai zituela esan zidanean Realeko nesken partida telebistan bota zutela, eta hasieratik bukaerara ikusi zuela; zein ondo jokatu zuten neskek! Milaka pertsona herrialdearen beste puntan gertakari historiko hura galdu ezinik, erregina eta guzti, eta beste hainbeste kolore txuri-urdinez jantzita telebistaren beste aldean. Larunbat ilunabar hartan komunikabideen atentzioa irabazi zuten emakume horietaz harro egongo balitz bezala hitz egiten zuen. Izan ere, berari bezala beste askori ere marichico ezinena egokitu izan zaigu baloiaren atzetik korrika ibiltzeagatik, hura ez baitzen ez futbola ezta femeninoa ere. Beharbada ezkutuko interes ekonomiko eta elektoralek kirol ekitaldi hau bultzatzen lagundu badute ere, larunbatean Erreginaren Kopako Finalari eskainitako atentzio mediatikoa bestelako izan zen: emakumeen (futbolari eta ez futbolarien) errekonozimendu soziala kirolaren esparruan.
Seguruenik dagoeneko komunikabideek buelta erdia eman, eta gauzek bere onera egin badute ere, Realak eta Atletico Madrilek jokatutako final hura haur, gazte zein heldu askorentzat pedagogia eta hausnarketarako tresna indartsua izan da, egun batez bada ere, ahaldundu eta oilo ipurdia jartzen dizuten bestelako ekitaldi batzuen pare (Lilatoia eta Martxoaren 8ko mugimendua, esaterako). Curriculum ezkutua deseraikitzeko ekitaldia, bestelako kirolari ereduak lau haizeetara zabaltzeko olatua, erroturiko sinesmen eta aurre-iritziak dantzan jartzeko espazioa, kirol erakunde eta politikariei babes eta aukera berdintasunerako oihua, emakume (eta gizon) askoren borroka eta aldarrikapenak ospatzeko gaua. Horregatik, hainbeste urtetan kirolaren esparruan genero eraikuntzaren atzaparren eta diskurtso hegemonikoen aurka borrokatu eta borrokan jarraitzen duten emakumeengatik, eta emakumeentzako, bereziki, larunbateko garaipena. Zorionak zuei!