Lana eta teknologia
Teknikak edo teknologiak gizateriaren bilakaeran aurrerapena dakarrela pentsatzea, beste gabe normala bada ere, beti ez da horrela izaten. Nahiz eta egia izan askotan horrela dela, beste batzuetan ez da hori betetzen. Horregatik, aurrerapenaren kontua arazo politikoa eta ekonomikoa dela esaten badugu, eta, horrez gain, teknologia berriak batzuentzako etekina eta beste batzuentzako oraindik eta zapalkuntza handiagoa jasatea dela badiogu, errealitatetik hurbilago geundeke.
Azken egunotan, merkataritzaren munduan, batez ere arropa dendetan, grebak, lanuzteak eta elkarretaratzeak ikusi ditugu. Bereziki, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta beste hiri handietan, non ELA eta LAB sindikatuek deituta salatu duten digitalizazioaren ondorioz sektoreko nagusiek lanpostuak kendu, lanorduak jaitsi eta soldatak murriztu nahi dituztela.
Enpresa hauetako batzuk multinazionalak dira, eta izugarrizko irabaziak dituzte, baina bertan lan egiten dutenen kontura are eta handiagoak nahi dituzte, nonbait. Lanaren digitalizazioarekin, lanordu asko soberan omen dituzte. Eta galdera da: hori horrela bada, zergatik ez dituzte soberan dituzten lan ordu horiek lanaldiak murriztu eta soldatak, maiz prekarioak, hobetzeko eta lan baldintzak hobetzeko erabiltzen?
Digitalizazioa aitzakia da. Argudio horren azpian erregulazio pila bat abian jartzen ari dira. Hau da , teknologia berriek lan baldintzak hobetzeko, lanaldiak murrizteko eta soldata duinak erdiesteko erabili ordez, justu kontrako norabidean erabiltzen dituzte. Nire ustez, bi sindikatu horien lana bide zuzenetik doa, egia handi batean oinarritzen baita.
Lanaren eta teknologiaren gaia soldatapeko lan eredua sortu zenetik izan da eztabaidagai. Erresuma Batuan, industrializazio garaiaren hasieran sortu zen makinen aurkako langileen borroka. Ludismoa deituriko mugimendua XIX. mendearen hastapenetan sortu zen han eta mekanizazioaren aurka egin zuen, laster konturatu baziren ere hori ez zela bidea. Alegia, digitalizazioa langileriaren aurkakoa ez den moduan. Digitalizazioak gizateriaren onurarako izan behar du, eta ez kalterako. Teknologiak gizateriaren zerbitzura egon beharko luke, eta gehienetan horrela dela uste dut.
Azkenik, aipatu nahiko nuke egun hauetan medio batzuetan, bereziki Noticias taldean, pandemiaren amaiera dela eta edo, maiz ari direla aipatzen kooperatibismoa. Dirudienez, gora doa gure herrian kooperatibismoa, gero eta kooperatiba gehiago sortzen ari baitira. Albiste pozgarria dela uste dut. Herri honen berreraikuntzan giltzarria baita. Gai hau aipatzen dut pentsatzen dudalako egoera zail hauetan ere kooperatibismoa irtenbidea dela.