Leire Palacios: 'Gorputz digitala'
Bilbotik bueltatzeko autobus txartela erosi dut. Atzamar potoloaren marka irakurri dit gailuak eta desblokeatu egin da. Cookieak onartu ditut. Bidaiari zenbakia sartu dut. Izen-abizenak idatzi ditut. Bankuko txartel zenbakia eskatu dit. Lan prekarioaren truke jasotzen dudan soldata prekariora sarbidea nahi du sistemak. Agindua berretsi dut SMS bidez jaso dudan kodearekin. Aceptar. Bidaiatu naiteke. Mugikorreko pantaila erakutsi diot begi bat erdi itxita daukala nire gailuari so egin dion txoferrari. Bidean, pare bat dei egin eta hiruzpalau e-mail erantzun ditut. Hiru SMS berri ditut. Lehenengoa, eskaintza komertziala bidali ahal izateko, nire datuak erosi dituen telefono konpainia batena da. Bigarrena, datuen babes- legea dela-eta, afixa berezia sinatzera bideratu nauen arropa dendarena. Hirugarrena, Google-n baieztapen kode bat da nire agenda kontaktuak gordetzeko. Albiste aplikazioa ireki dut eta titularrak kuxkuxeatu ditut. Umeak erditzeko nire gorputza puntuan noiz izango den makilatxo kimikoaren iragarkia irentsi ondoren utzi dit artikulua ikusten. Estetikoki zer atsegin eta zer gorroto dugun jakiteko, jatetxe batzuetan, begietara bideratutako kamerak jarriko dituztela irakurri dut. Internet bidezko mezularitzatik jasotzen ditudan pop up jakinarazpenek urduritu naute. Aplikazioak itxi eta 28 segundotara berriz ere eutsi dut telefonoa eskuetan: aspiragailu autonomoak galdetu dit ea sukaldea garbitu dezala nahi dudan.
Donostiara heldu naiz. 256 mezu ditut irakurri gabe. Jarduna amaitu dudala ordu batzuk pasa badira ere, laneko mezuak dira batzuk. Kuadrillan ere dramaren bat gertatu da. Amak dio amamaren medikamentu esperimentalak zerbait egiten duela. Guztien artean, audio ohar bat dago: «Aizu, abokatu digitalari galdetu diot. Ba al zenekien idatziengatik bezala, zure ahotsa irratian jartzeagatik ere egiletza eskubideen mozkina kobratu dezakezula? Blockchaina datorrenean, adi ibili beharko dugu». Blocktxa, zer? Ez dut txintik ere ulertu. Berriz jarri dut. Hitzak deszifratu nahi ditut eta irratiko gonbidatu batek esan zidanarekin gogoratu naiz: «Eremu digitala da espazio publiko berria». Bada, ez. Ez dut ezer ulertzen. Konstituzio plazako sentsoreak pertsona bat gehiago zenbakitu du Euskaltegira joateko arkupeak zeharkatu ditudanean. Ilundu du, zerbeza bat eskatu dut. Tabernariak txanponak eskuan jarri dizkidanean bere eskuko azalak nire eskuko azalaren kontra egin du. Elkar ukitu dugu. Berotasuna arraroa egin zait.