Liburuak eta euskaraz
Euskal liburugintzaren sektoreak, ataka larrian dagoela azalduta, neurriak eskatu dizkie instituzioei, hauek, besteak beste, haurrentzako udalekuak bertan behera geratzeko agindu duten aste berean. Osasun-krisi hau kudeatzen ari den EAEko gobernuarentzat, euskara, kultura eta aisialdia ez omen dira lehentasun, orain arte harturiko neurriei erreparatuz gero, bederen. Eta hauek gutxiesten dituzten bezalaxe gutxiesten dituzte haur eta gazteak. Produkziorako edota kontsumorako balio ez duena ez da lehenetsia.
Jakina da aisialdia eta hartu-emanak zein garrantzitsuak diren azken hauentzat, are gehiago udaberria etxean lau pareten artean igaro ondoren. Hainbatentzat, gainera, udalekuak ziren azken hilabete luzeetan euskararekiko harremana berreskuratu eta honi berriz ere lotzeko aukera bakarra. Eta honek ere kale.
Ahal izan dugun bezala mantendu ditugu harremanak konfinamenduan. Teknologia izan da honetarako bide nagusia gehienontzat, baita haur eta gazte askorentzat ere, etxe askotan, teknologiarekiko ezarritako marra gorri zenbait igaro direlarik, gure gaztetxoak bizitzen ari ziren osasun eta kontaktu galerari aurre egiten lagunduko zielakoan.
Luzaroan itxita eta giltzapetuta egon denak derrigorrean behar du askatu. Gorputza itxiera/irekiera oreka horretan mugitzeko prestatuta baitago. Eta hau are ageriagoa da haurtzaroan eta nerabezaroan gorputzak eta honen energiak hartzen duten dimentsioa ikusita. Eta bizi izan duten bakardade horri aurre egiteko, bada liburuak hautatu dituela aitortu didan ikaslerik. Sare sozialek duten kontrol mekanismo guztietatik ihesi, ezer erakutsi beharrik gabeko lurralde gisa sentitu duenik irakurketa.
Intimitateaz gozatzen jakitea da neure ondorengoei helarazi nahi niekeen ikasgaietako bat. Bakardadea gainditzeko norbere buruarekin une atseginak bizitzea ezinbesteko pausoa baita. Eta niri, oso lagungarri gertatu zitzaizkidan liburuak bide horretan.
Osasun-krisi honen kudeaketan egungo agintariekin konfiantza zeharo galduta, haur eta gazteentzat euskaraz idazten dugunok, halako egoeretan liburua tresna gisa erabili besterik ez dugu. Kolektiboa eta harremanak lapurtzen dizkigutenean geure burua baino ez zaigu geratzen eta ondorio latzak izan ditzakeen egoera honetan, ahotsa lapurtu dioten eta sistema produktibotik kanpo egoteagatik bigarren mailako kolektibo izendatu duten herritar talde honen bidelagun izatea dagokigu. Hortxe gure erronka, idatzi nahi dugunaren eta haur eta gazteek irakurri nahiko luketenaren arteko oreka topatzea. Etekinik ekonomikorik emango duen edo ez erreparatu gabe. Bai agintariok, liburuak eta euskaraz.