Limurtu edo seduzitu beste erremediorik ez dugu
Euskal Herri euskalduna eraiki nahi badugu proiektu horretatik at daudenak erakartzeko sedukzioaz baliatzea beste irtenbiderik ez dugu.
Azken urte hauetan euskarak izan duen bilakaerari begiratzen badiogu, guztiok baieztatzen dugu euskararen ezagutzan aurrera egin dugula, baina, erabilerak lehengoan segitzen duela.
Gure hirira etorrita, auzorik jendetsuenak (Altza, Amara Berri…) erdaldunak dira neurri handi batean, behintzat. Nola aldatu errealitate hori? Ez du askorik balio esateak estatusa aldatu eta euskara gaztelania bezala derrigorrezkoa bilakatzen denean egoera aldatuko dela. Euskal Herri euskalduna dugu xede euskalgintzan ari garen eskok, ordea, hori gauzatu artean zer egin erabaki behar dugu.
Katalunia daukagu eredu. Katalanek, erabat ez bada ere, lortu dute euren hizkuntza nagusi izatea kalean ere. Lortu dute kanpotik etorri zen jende gehienak katalanez mintzatzea, guk ez bezala. Esango didazue errazagoa dela gaztelaniatik katalanera pausoa ematea euskarara baino. Ados. Baina, zer gertatzen ari da eskolan euskara ikasi eta ez kalean, ez lagunartean, ez lantokian, ez etxean ez beste inon erabiltzen ez duten gazte eta ez hain gazte horiekin guztiekin?
Egia da 60ko eta 70eko hamarkadan etorkin ugari etorri zela gure herrietara. Etorkin kopurua hain handia ez zen herrietan lortu zen, lortu da etorkin horiek ia guztiak bigarren belaunaldirako, bederen, euskaldun izatea (Azpeitia bezalako herriak ditut gogoan). Baina, Irun edo Donostia bezalako hirietan zer gertatzen da?
Euskaldun diren gazteentzako euskara ez da erakargarria, ez dute euskaraz hitz egin beharrik sentitzen. Horra non dugun erronka. Hemen jaiotakoak izanda, euskaldun izanda ez dute euskara erabiltzen. Zerbait gaizki ari gara egiten. Ez dira euskal herri euskaldun batekin identifikatzen.
Ezin gara instituzioetan zer erabakitzen duten zain egon. Herritarrok hartu behar dugu zezena adarretatik: Ikastolak sortzerakoan, kooperatibak sortzerakoan, Helduen Euskalduntze Alfabetatzea sortzerakoan, Korrika sortzerakoan eta Euskaraldia antolatzerakoan bezala. Gure hiria ezagutu, dauden beharrak zein diren ikusi, elkartu eta eragin euskaratik kanpo bizi diren horiengan.
Orain udan gaude eta garai aproposa da festaz festa ibiltzeko, jende berriarekin harremanak izateko, gure herri proiektura jendea erakartzeko. Animo eta limurtu dezagun, seduzitu dezagun gure herrikide eta auzokide den hori.