Magia
Ez dakit inoiz hitz egin ote dizuedan eszenatoki baten gainean zaudenean sentitzen denaz. Zuetako batzuek jakingo duzuenez, Donostiako Orfeoian kantatzeko zortea dut; zortea diot, lan handia eskatzen duen arren, sariak izugarri merezi duelako, niretzat behintzat. Baina eszenatoki gainera zergatik igo naizen gutxienekoa da; kontatzera noan esperientzia edozein areto, taberna, espazio edota antzokiko taula gainera igo den edozein diziplinatako artistak kontatu dezakeen gauza bera da, dela musika, dantza, antzerkia edota bakarrizketa.
Mila entsegu egin ditzakezu, ala bakarra. Berdin du. Emanaldietako bakoitzean, teloia igo eta aretoko argiek zure aurpegia jotzen dutenean, gorputz osoa zeharkatzen duen hotzikara bat sentitzen duzu. Jendearen aurpegiak errepasatzen dituzu une batez; batzuk oraindik berriketan dabiltza, despistaturen bat bere eserlekuaren bila, eta noizbehinka aurpegi ezagun bat bereizteko zortea izaten duzu, urduritasun, zirrara eta zorion uholdeak gorputzean talkan sentituz. Bat-batean, isiltasuna; emanaldia hastera doa, eta dagoeneko ez dago gehiago pentsatzeko astirik. Ekintzarako ordua da, eta une horretan bai, lasai sentitzen zara, egitera zoazena ederra delako.
Nire kasuan, ez naiz bakarrik igotzen taulara; ikuskizunaren zati txiki bat besterik ez naiz, peoi bat xake jokoan, inurritxo bat ehunka kideko kolonian. Eta batzuetan, bizi osoa musikara dedikatu duten maisu handiekin partekatu dut taula bera, pribilejiozko eserleku batetik beren artea miresteko aukera ezin sinetsirik. Eta beste batzuetan ez dira maisu handiak izaten, baina beren artea berdin iristen da nire bihotzera.
Musika kolektiboan sortzen denean, fenomeno harrigarri bat gertatzen da. Kontzertua hasten denetik zuzendariak besoak jasotzen dituen arte, eszenatokian gauden guztiok armonia perfektuan egiten dugu elkarrekin lan, denon artean aretoan daudenen emozioak alde batera zein bestera astinduz. Eta lan hori ondo egiten denean, musika sortzen ari garen guztiok ere, batera sentitzen ditugu bihotz taupadak, elkarrekin hartzen dugu arnasa, eta instant batzuez, bat gara.
Ez da emanaldi guztietan gertatzen; horrek, bereziagoa egiten du unea. Barnean uholde bat sentitzen duzu orduan, negar egiteko gogoa sumatzeraino, sortzen ari den klima arraro eta berezia deskribatzeko hitzik ez duzulako topatzen. Eta ikusten dituzu une batez ikusleen aurpegiak, beraiek ere zurekin bat egin dutela sentituz; ondoren, begirada lausotu egiten da, eta emanaldia amaitzera doan une berezi horretan soilik zuzendariaren eskua enfokatzera iristen zara, beste guztia plano goren batean airean galdu delako. Eta berriro isiltasuna. Txaloek mundu terrenalera itzuliarazi aurretik, betiereko segundo batzuk irauten dituen isiltasun gozoa. Magia.