Manuel Mondragon
Ixtlahuaca izena duen hiri txiki bat dago Mexiko estatuan. Donostia baino txikiagoa da, Gipuzkoako hiriburuak baino 40.000 bizilagun gutxiago ditu. Modernoagoa ere bada, 1524an sortu baitzen. Altuera 2,550 metrokoa da, eta Kantauri itsasoko oxigenoarekin ohituta dauden donostiarrok atzera egingo genuke, aire faltagatik.
Herri txiki honetan mexikar militar historiko bat jaio zen. Konspiratzaile peto-petoa, bere garaiko errebolta guztietan egondakoa. Victoriano Huerta Mexikoko presidentetzara eraman zuen altxamenduaren ondoan egon zen. Presidente berriak Defentsa ministro izendatu zuen. Manuel Mondragon zuen izena. Bekainak handiak zituen, eta mexikar estiloko bibotea, zabala eta puntak zorroztuak. Postu horretatik, kargutik kendutako Francisco Madero presidentearen hilketa antolatu zuen. Urrezko 500 txanpon ordaindu zizkion Francisco Cardenasi, Madero hil zezan.
Huertaren Gobernua erori zenean, Cardenasek Guatemalara ihes egin zuen. Eta Manuel Mondragon, bere familia osoarekin, hogeiak inguru, Parisera. Horrelako tropa mantentzea ez zen batere erraza izango, baina militar mexikarrak beste diru-iturri batzuk zituen Gobernutik igarotzetik eratorritakoak alde batera utzita. Hainbat tramankulu militar asmatu zituen, horien artean bere izena zeraman fusil bat, planetako dozenaka armadak erabilia, bi bandokoek Bigarren Mundu gerran hain zuzen, naziek eta aliatuek.
Lehen Mundu Gerrak su hartu zuen, eta Parisek leku segurua izateari utzi zion, bai gerragatik, bai mendeku posibleengatik. Eta Mondragon familiak bere garaikide aristokrata gehienek egin zutena egin zuen. Hegoalderantz emigratu, Santanderrerantz eta hilabete batzuk geroago Donostiara. Gipuzkoako hiriburua aberats, militar, espioi eta bizimodu oneko jendearen babesleku bihurtu zen. Kasinoa, gaur egun udaletxea dena, Europako ospetsuena. Belle Époque izan zen.
Mondragonek Donostian izan zuen presentzia ez zen esklusiboa izan. Maderoren aurkako matxinadan eta Huerta Gobernuan parte hartu zuten beste mexikar ospetsu batzuk beren etxeen artean gorde ziren. Rodolfo Reyes, Justiziako idazkaria, Roberto A. Esteva Ruiz, Kanpo Harremanetarako idazkariordea, Adolfo de la Lama eta Jose Maria Lozano. Adolfo de la Lamak bi idazkaritza izan zituen: Justiziarena eta Ogasunarena, eta Jose Maria Lozanok Instrukzio Publiko eta Arte Ederrena, eta Komunikazio eta Herri Lanena.
Mondragon familia eta bere segizio guztia Mendeurrenaren plazako lehen zenbakian finkatu zen. Hiriaren muga orduan. Anoeta aldera dena padurak ziren. Manuel jeneralak konspiratzen jarraitu zuen, eta batetik bestera ibili zen, fusilak eta kanoiak zabaltzen eta saltzen, eta bere herrialdeko politikan eragiten saiatzen. Baina ez zen inoiz Mexikon sartu. Sartu ezkero exekutatua izango zelako. Bere seme zaharrenak, izen berekoak, argazki-denda bat ireki zuen Loiola kalean, eta bere alaba txikia, Carmen, begi berdeak eta ile horia zituena, Nahui Olin ezizenarekin ezaguna den artista ospetsua izan zen. Frida Khaloren itzal bat. Elena Poniatowskak bere bizitza idatzi zuen.
Manuel Mondragon donostiar bihurtu zen bere egunak amaitu arte. Bidaiak egin arren, –Europara, AEBtara eta Kubara–- Kontxan paseatzea gustatzen zitzaion, txokolatea txurroekin dastatzea eta itsasoko haize hezea sentitzea. Donostian hil zen 1922an, 63 urterekin, tuberkulosiak jota.