Marc Hirschi eta frustazioa
Uste dut Tourreko hamabigarren etapan izan zela, webgunean irakurri dudanaren arabera, Sarranz Corrèze-n bukatu zen etapan. Sunweb taldeko Marc Hirschi suitzarrak gurutzatu zuen helmuga bi besoak zerurantz igota. Amorruz ospatu zuen garaipena ziklista alemaniarrak, aurretik ere beste bi ihesalditan sartu eta irabazteko puntuan egona baitzen, oker ez banago.
Kontua da, Teleberri Kirolak ikusten ari nintzela afalostean, eta ziklismoak duen epikari, berea gehitu nahi izan ziola esatariak: «Talentua eta lana elkartzen direnean, esfortzuak beti ekartzen du arrakasta!».
Ba, sentitzen dut, baina ez. Ziklismoan bezala bizitzan, ehun Tour batuta ere, nahikoa helmugarik ez dago talentua eta lana uztartzen duten guztiek besoak altxa ditzaten. Eta hobe dugu hortaz kontziente izan, eta gure gazteak kontziente egin erazi.
Esfortzurik gabe arrakasta lortzea oso zaila izateak, ez du kontrakoa egia bihurtzen.
Eta ikusten ditut, gure gazteak, «saiatuz gero lortuko duzu» mantra oso barneratuta. Eta ez saiatzea okerragoa izango da, baina saiatu eta ez lortzearen frustrazioa kudeatzen ez jakitea ere, ez da askoz hobea.
Usteko nituenak baino dezente gehiago ikusi ditut, porrot txikienaren aurrean zer egin ere ez dakitenak, edo, topatutako oztopo txikiena saltatzeko, eskailera mekanikoak behar dituztenak. Izango da, agian, inoiz ez diegulako frustratzen utzi? Izan daiteke…