'Motoa saltzen'
Motoa hiriaren erakusgarri da gaur egun» zekarren Gipuzkoako egunkari batek aurrekoan. Kazetariak ederki asko imaginatuko du bere burua motozikletan, garaiko film italiarretako Vespan, irudia oso chic delakoan. Baina irudiak gutxi du modernotik. «Motorren hiria» zer den jakiteko, pentsa ezazue Asiako herri txirotuetako aire kutsatupean dabiltzan zientoka motozikleta merkeren irudian.
Hiri batzuek garraio publiko egiturekin lotu dute euren hiria: metroa, tranbia, edo monoraila. Donostiak apustu estrategikoa egin zuen Dbus hiriaren marka izan zedin. Egun, ez dugu oso garbi autobus, metro, funikular edo zerekin lotu nahi dugun geure izena, baina espero dut behintzat ez dadila motoa izan.
Mugikortasun astearen karietara, munduko hainbat hiritan izan dira ekitaldiak. Irutxuloko Hitzan bertan izan genuen geure hirikoaren berri. Eskas samarra iritzi nion programazioari, ausardia handirik gabekoa. Halere, okerragoak ere badira, Madril, kasurako. Madrilen bizikleta martxa ederrak antolatu zituzten errepidea, bus-errailak propio moztuta. Bejondeiela! mugikortasun jasangarria sustatzeko, zer eta garraio publikoa izorratu, autoa bere horretan utzita.
Hiri batzuetan neurri eraginkorrak hartzen ari diren bitartean, beste udal batzuen neurriak hitzaldiak, irteerak eta umeentzako jardueretan geratu dira. Hitz politak soberan; ekintzak, ordea, gutxi. Oinezko, bizikleta eta garraio publikoa sustatzeko aukera bakarra dagoeneko indarra –espazioa batez ere– eman zaien horiei murriztean datza.
Donostiaren kasuan, udalak iragarri du 2020rako zentroko trafiko motordun pribatua murrizteko asmoa duela. Zinegotziak metroarekin lotu nahi izan du gaia, azpiegitura horrek ahalbidetuko omen du neurria. Propaganda merkea iruditzen zaidan arren, horrekin neurri ausart samarrak hartzeko aitzakia badute, gaitzerdi. Denarekin, neurriaren eraginkortasuna ez du metroak baldintzatuko, baizik eta zentroan eskaintzen den aparkaleku kopuruak. 2014an Erdiguneko rotazio TAO kopurua nabarmen murriztu zen, eta horri esker murriztu(ko) da trafikoa. Baina, hiri barruko parking eskaintza erraldoia kontrolatu ezean, hiri kanpoko autoak izango ditugu gurean barna.
Ongi etorriak kanpoaldeko konexio parkingak, garraio publikoaren hobekuntzak eta halakoak. Baina pauso nabarmenena hiri barruko espazioan dago. Zenbat errail eta zenbat espazio eman oinezko, bizikleta eta garraio publikoari –edota bertakoen aparkalekuari– eta zenbat hiri kanpoko ibilgailu motordunak zentro-zentroraino ekartzeari. Eta ibilgailu motordunak aipatzean, motor mota askotako autoak eta motorrak ditut buruan. Motoek edota auto elektrikoek betiko autoen gauza batzuk ekiditen laguntzen dute baina ez dute arazoa konpontzen. Ez diezagutela motorik saldu halakoekin!