Neurria hartu ezinda
– Bota lehenengo dadoa.
– Sei.
– Bota beste bat.
– Berriro sei!
– A zer zortea zurea, bietan atera zaizu altuena! Orain biderkatu biak.
– Sei bider sei… (paretan dagoen taulara begiratu du) Hogeita hamasei!
– Bota hirugarrena.
– Lau!
– Orain batu lehengoari.
– Hogeita hamasei buruan, gehi lau eskuan… Hogeita hamazazpi, hogeita hemezortzi, hogeita hemeretzi… nola esaten da “cuarenta” euskaraz?
– Ea asmatzen duzun: ber…
– Berrogei!
– Aizue, zer iruditzen zaizue 40ren izena ondo ikasteko ideien jolasa egiten badugu? Ea: zer egin dezakegu 40 aldiz?
– Soka saltoan 40 salto!
-40 gol sartu!
– 40 pauso eman atzerantz ibiltzen!
– 40 ur botila edan!
– Ondo! Eta litrokoak balira, guztira 40 litro edango genituzke. Beste ideiarik?
– Andereño! (Horren gorrotagarri zaidan hitza 40garrenez). Nire aitatxok 40 urte ditu!
Urteak. Aipa zitzakeen euroak, zentimetroak, graduak, baina ez. Neurri guztiak dira abstraktuak, mugen barruan errazago biziko ginelakoan inoiz norbaitek asmatuak, baina denborarena da asimilatzen zailen egiten zaidana. Bertso bat hasi aurreko 40 segundoak ordu erdi bezain luze egin daitezke eta aldiz, 40 minutu horren labur, laguna Soton bisitatzen dugunean. 40 urte atzera jaio ziren gure inguruko asko eta gu ere ez gabiltza urrun. 40 urte dira guardia zibil batek Gladys hil zuela. Aldi berean azkarregi joan diren zein urrunegi ikusten ditugun 40 urte.
Jakin nahiko nuke, haurtzaroan Gladys-Eneara joaten ziren donostiarren seme-alabek, 40 urteren buruan berdin deitzen ote dioten parkeari. Eta Gladys-Eneara doazela dioten gaurko haurrek jakingo ote duten behinola zer dela eta aldatu zioten izena. Jakin nahiko nuke, oroitzen jarraitzeko urte gehiegi izan ote diren. Edo ahazteko gutxiegi:
-Eta Ane, denbora asko edo gutxi iruditzen zaizu 40 urte?