Non zaude, Olano jauna?
Zubietako Erraustegia eta TMB-a barne hartzen dituen eraikinaren azpian betelan handi bat dago. Betelan horren behe-behean, sakonean, zulodun hodi bat jarri zen, horra iristen diren isuri mota guztiak, betelanaren oinean dagoen Arkaitzerrekara ateratzeko. Joan zen asteazkenetik, batean eta bestean ikusi ahal izan diren bideo eta argazkietan, zulodun hodi horren ahoa ikusten da aparrez beteta. Eta oraingoan ere, Zubietako erraustegiaren inguruan zerbait gertatzen den beste kasu guztietan bezala, herritarrak izan dira gertakizunen albistea eman dutenak. Errekaren zaintza ardura daukan Uraren Euskal Agentzia, berandu eta lanerako nagituta azaldu zen. Beti bezala hau ere.
Ez da lehen aldia Arkaitzerreka kutsatzen dela. Duela bi urte, erraustegiko isuri baten ondorioz erreka guztia erre zuten, bertako aingira guztiak akabatuz. Orduan ere, oraingoan bezala, GHK bizkor ibili zen erraustegitik ez zela isuririk egin esaten, nahiz eta, gero, aitortu behar izan zuen kontrakoa gertatu zela. Denborak esango du, joan zen astekoa ere nondik datorren. Laginak hartu ziren eta laster jakingo da analitiken emaitza.
Tamalez, Zubietako erraustegiari buruz iragarri genuena gertatzen ari da: hiri hondakinen arazoa ez konpontzeaz gain, istripuak, suteak, erreka kutsatzeak, eta abar gertatu dira jada, oraindik bi urte besterik igaro ez direnean martxan jarri zutenetik. Eta hau dena jakin ahal izan da, herritarrok eta herri eragileok dauzkagun baliabide urriekin, jarraipena egiten ari garelako. Gure autoritateak, halakoak ez gertatzeko neurriak eta kontrolak ez jartzeaz gainera, mutu gelditzen dira, edo aukera daukaten aldi oro, herritarron osasunaren aurretik, enpresa pribatuen interesak babestera mugatzen dira.
Hurrengo sute, istripu, isuri edo dena delakoa, noiz gertatuko zain egotera kondenatuak gara. Zubietako Erraustegia «Ingurumenaren Gunea» izendatu zuten arren, orain arte gune horretan suertatu diren gertakizun guztiak, ingurumenari kalte eragitekoak izan baitira.
Erraustegi Munstroa eraiki dute, bere xedea, beste ezeren gainetik, multinazionalak eta bertako enpresa lotsagabe batzuk aberastea baita.
Bukatzeko, Olano jauna, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, non zaude? Noiz esan behar diguzu, erraustegiaren azpian dagoen Arkaitzerrekan zer gertatu den?