Nora goaz?
Gaur egun, mundu aurreratuan gizartea antolatzeko bi ereduren arteko borroka bizi dugu nagusiki. Eredu neoliberala eta eredu sozialistaren artekoa, modu orokor eta sinplean esanda. Eredu liberala guk bizi dugun munduan duguna da, indarrean dagoena bere berezitasun eta ñabardurekin. Eredu honek norbanakoari ematen dio lehentasuna, eta batez ere, merkatuari eta merkatuaren askatasunari, aldiz, eredu sozialistak eta nahi baduzue sozialdemokratak komuna den orori, hau da: osasun publikoari, hezkuntza publikoari, zaintza publikoari, gizarte segurantza publikoari, babes ofizialeko etxebizitzari, alokairu justuari, lanpostu duinak sortzeari…
Publikoa izan behar duen guztia zaindu eta indartu nahi da jendartearen mesederako izan dadin, guztion mesederako izan dadin. Gu eta Ni arteko borroka dela ere esan genezake. Ni hori ulertuz modu egoista edo berekoi moduan eta Gu hori, berriz, komunitate moduan.
Dudarik gabe Ni hori garrantzitsua da pertsona, norbanakoa garatzen duelako, baina, Gu horren baitan ez badago, Gu horren barruan kokatzen ez bada ez du zentzurik eta auto-desegingo da ezin delako komunitaterik gabe garatu.
Gaur egunera etorrita adibide bat datorkit burura. Eredu baten defendatzailea Isabel Diaz Ayuso jarriko dut (eta inork ez dezala esan madrildarra dela eta beraz gurekin ez duela zer ikusirik, izan ere, guztiok dabilkigu geure ahotan). Pertsona honek bere erkidegoko hauteskundeak alde handiarekin irabazi ditu, nahiz eta guztiek dakiten zaharren egoitzekiko izan duen politika neoliberalak jende zahar askoren heriotza eragin duela, nahiz eta jakin bere politika fiskala aberatsen aldekoa dela, nahiz eta jakin pandemiaren inguruan hartu dituen neurriak ez direla izan egokiak eta abar.
Bestalde, Isabel Diaz Ayusoren politika neoliberalari hil berri zaigun Mixel Berhokoirigoien kontrajarriko diot. Gizon hau Behe Nafarroako Gamarte herri txikiko nekazaria zen. Zen diot maiatzaren 13an egin baitiote hileta elizkizuna. Gizon hau aipatzen dut, bera izan delako aipatzen ari garen Gu horren eredua, alegia, Gu horri bere bizitza eskaini diona bizitako arlo desberdinetan.
Baina begira dezagun munduko neoliberalismoaren eredu nagusi hartzen dugun Amerikako Estatu Batuei zer gertatzen ari den ikusteko. Joe Biden presidente jarri zutenetik aldaketa politiko sozial handiak ari dira gertatzen: gizarte segurantza unibertsalizatzen ari dira, pandemiaren txertoak beste inon baino indar handiagoarekin ari dira hedatzen (gainera txertatzen denari sariak ematen dizkiete, esate baterako, porruak), aberatsenei zergak jarri dizkiete behartsuen artean aberastasun hori banatzeko, soldata minimoaren igoera egin dute orduko 15 dolarrera igoz, klima aldaketaren arloan mundu mailako aitzindaria da orain… Ongizatearen sistema ezarri nahi du, azken finean.
Eta hemen, zer berri? Inora ez doan AHTa diru publikoa xahutu eta xahutu ari da. Gainera, bere amaiera atzeratu eta atzeratu dabiltza. Donostiako Metroa, berriz, hirugarren zuloan doa aurrekontua puztu eta puztu. Azpeitian Corrugados moduko lantegi toxikoak lotsarik gabe ari dira bultzatzen, eta abar, eta abar.
Bukatzeko, hizkuntzaren aipua egin nahi dut, esateko Gu gabe ez dela existitzen Ni. Ni izan aurretik hor zegoela eta Ni joan eta gero ere hor izango dela.