Ofentsiba gelditu
Hilabete eta erdi pasa da alarma egoera hasi eta guztiok etxean sartu gintuztenetik, ordutik langile klasearentzat erasoak bata bestearen atzetik etorri dira, osasun larrialdiaren atzean dagoen ofentsiba burgesa agerian utziz. Langileriak ez du izan gaitasunik honen aurrean iniziatiba politikoa hartzeko, hots, egoera irakurtzeko mekanismoak eta honi aurre egiteko antolakuntza beharrezkoak garatzeko. Horren adibide dira gai batzuekiko sortu den ezjakintasuna (desinformazioak handituta) eta horren ondorio izan den postura politiko bat defendatzeko ezintasuna, neurri ekonomiko batzuen onarpena hauen sakontasuna eta iraupena jakin gabe,…
Aterabide indibidualak nagusitu dira; soilik gure egoera konkretuaren inguruko informazio eta neurriak bilatzeak, argazki orokorra lausotu du, isolamendu egoera hau handituz. Hor kokatzen da M1 langileontzat plataformak GKSrekin batera abiatutako kanpaina. Honek langileon egoera ezberdinei aurpegia eta izen abizenak jarri nahi dizkie, arazoaren dimentsio erreala ezagutu eta erantzun politikoa antolatzen hasteko. Izan ere, neurri konkretuek guztiongan dute eragina.
Guk ahalik eta esparru gehienetan lan egitea defendatzen dugu, baina langile klasearen erreprodukzioa bermatzen duten mekanismoetaz gain, honen emantzipazioa bilatzen duten antolakuntza formak indartzen hasi behar gara ere. Gure ustez hori da etengabeko zapalkuntza honekin amaitzeko bidea, are gehiago hurrengo hilabeteetan krudelagoa bihurtuko den ofentsiba burgesa aurreikusita.
Testigantzen kanpainaz gain, aholkularitza eskaintzen hasi gara etxebizitza eta eskubide politikoen inguruan. Osasun krisi honetan langileok inoiz baino argiago izan behar ditugu sistema honen arauak eta ahulguneak, etsaia ezagutuz aurrera egiteko. Bere bizi baldintzak borrokatu nahi dituenak ondoan izango gaitu. Gure inguruan dauden beste antolakundeei elkarlanean aritzeko prestutasuna ere adierazten diegu.
Eraiki dezagun langile klasearentzako Donostia.