Pandemiaren izenean
Azken egunotan pixkanaka kalera ateratzeko aukera izan dugu, eta konturatu garenerako, udaberriko eguzki izpiak bertan ditugu. Azken hilabeteotan gure egunerokotasuna zeharo aldatu da, eta honek, noski, hiriko bizimoduan ere eragina izan du.
Garaiotan turista uholdeak hiriko kaleak okupatzen hasiak izango ziren, baina pandemiak eta honek sortutako krisiak egoera oso bestelakoa izatea eragin du. Kapitalismo basatian oinarritzen den hiri eredu espekulatzailean, hainbat sektorek salatzen zituzten prekarietate, injustizia eta zapalkuntzak inoiz baino argiago azaleratu dira.
Pandemiaren izenean, hiria panoptiko erraldoi bilakatu da. Gure bizitzak une oro zelatatuak eta kontrolatuak sentitu ditugu. Gainera, generoak, klaseak eta arrazak zeharkatuta, kalean egoteko beharrarekin, herritarron arteko arrakalak inoiz baino nabarmenagoak izan dira.
Estatu eta botere aparatuak harro egongo dira, beldur kolektiboaren eraginez eta segurtasunaren izenean, balkoietako polizien laguntzaz, autoritarismoz jardun dute. Muturreko kontrol soziala ahalbidetuz eta oinarrizko eskubideak urratuz.
Beste alde batetik, bistan da egunerokotasun berriak, bizitzeko moduak aldatu egin dizkigula. Dugun hiri eredua bizigaitza dela aldarrikatuz, geure burua berritu behar izan dugu, eta berritzen jarraitu beharko dugu. Pandemiak sortutako krisiari aurre egiteko hiriko auzoak oinarrizkoak izan dira, bizitoki soil izatetik lotura eta harreman ezberdinak eraikitzeko gune bihurtu dira. Auzokideak ezagutu eta zaindu ditugu, auzoko bizilagunek dituzten behar ezberdinak identifikatu ditugu eta komunitatean erantzun diegu. Auzoekiko lotura berriak sortu ditugu, soilik lo egiteko erabiltzen genituen espazioetan eragin dugu, eta auzokideen egoeraz arduratu gara.
Beraz, herritarron eskubidea izan beharko litzake, nahi eta behar dugun hiri eta bizi eredua erabakitzea. Alde batetik, orain arteko hiri eredu indibidualista, prekario eta espekulatzailera bueltatu gaitezke. Beste alde batetik, hiriko auzo gehienetan sortutako sareak oinarri, lotura hauek sendotu, etorkizunerako behar berriak identifikatu eta hauei modu kolektiboan aurre egin diezaiokegu.