Pauso berria, helburu berbera
Ez diogu ezer berririk auzoa (eta Donostia) espekulatzaileen bazkarako espazio bihurtu dutela esaten badugu: zailtasun handiak ditugu auzoan bizitzeko eta komunitatea sortzeko. Gero eta gehiago dira, etxebizitzen prezioak direla eta, auzoa utzi eta beste auzo eta herrietara alde egiten dutenak: urtetik urtera auzoa osatzen dugun herritar gutxiago gaude. Hustutzen ari da Egia.
Prozesu hau, baina, beste guztiak bezala, modu eta intentsitate maila desberdinarekin pairatzen da gorpuzten gaituen gorputzaren nolakotasunaren arabera. Ez da gauza bera udaleko langilea eta mutil gazte euskaldun bat izatea; banandutako ama bat izatea; 25 urteko gazte bat izatea; Erdialdeko Amerikatik etorritako familia bat izatea edo paperik gabeko eta laguntzarik gabeko gazte bat izatea; baina, denek ala denek auzoan errotzeko zailtasunak dauzkagu, eta denek ala denek etsai berak ditugu.
Urtebete inguru da Egia auzoan bizilagun talde bat etxetatik kanporatu nahi dutela eta Egia 22 etxebizitza taldea sortu dela. Urtebete luze honetan ugariak izan dira burututako ekimenak eta ugariak izan dira auzoko gainontzeko eragile eta norbanakoekin ehundutako kidetasun eta aliantza sareak. Horren guztiaren erakusgarri nagusia 2021eko martxoaren bueltan auzoan burutu genuen manifestazioa izan zen.
Nahiz eta urtebete honetan abiaturiko borrokaren eta sortutako sareen balorazio oso positiboa egiten dugun, uste dugu beste pauso bat emateko beharrean gaudela, auzoak (eta Donostiak) bizitako merkantilizazio prozesua gelditu eta etxebizitza eskubidea guztiontzat bermatu nahi baldin badugu, bederen. Pauso hori Egiako Etxebizitza Sindikatua sortzea da, eta gaur eta hemen, ozen esan nahi dugu pauso hori eman, eta etxebizitza sindikatua eratzeko deia egiten dugula.