Pitzadura handiak eta txikiak
Zinemaldiko programazioa arakatuz gero, ez da zaila oraingo kezkak aurkitzea, gaur egungo zinemagileek zein bere zinemaren etorkizuna idazten hasten direnek kontatutakoak. Besteak beste, honako gai hauek azalduko dira: maitasuna, gaixotasuna eta heriotza duina (Blackbird, Vendrá la muerte y tendrá tus ojos), lan prekarietatea (Mano de obra, Sorry, We Missed You), klase borroka (Parasite), sistema ekonomikoaren gehiegikeriak (La odisea de los giles, The Laundromat, Adults in the Room), lana eta bizitza pertsonala bateratzearen ajeak (Proxima), immigrazioa (La bronca), errefuxiatuak (Varados) eta munduan zehar emakumeek pairatzen duten egoera (Lhamo and Skalbe, La rêve de Noura, La ola verde).
67. edizioko filmek, halaber, iragana berreraikitzeko edo, gutxienez, haren zirrikituak ezagutzeko aukera emango digute: gerra zibilari buruz oraindik kontatzeke dauden istorioak (Mientras dure la guerra, La trinchera infinita), Guatemalako genozidioa (Nuestras madres, La Llorona), kolonialismoa (Waiting for the Barbarians), 60ko hamarkadako kontrakultura eta espioitza poliziala (Seberg), Bigarren Mundu Gerraren ondorioak Errusian (Beanpole), 70eko hamarkadako feminismoa (Delphine eta Carole), Hungaria postkomunista (Sátántangó) edo, berriki, Alberto Nisman fiskal argentinarraren heriotza misteriotsua (El fiscal, la presidenta y la espía) eta ETAren biktima baten istorioa (Zubiak), bere alargunak eta bere hiltzaileak kontatuta.
Edizio bakoitza espazioan eta denboran egindako espedizioa da, urtero eguneratzen den munduaren errelatoa. Horrez gain, pentsatu nahi dut Zinemaldiak gure bizitzaren istorio txikia ere kontatzen duela. Agian, ikasle garaian ezagutu genuen, Belodromo haurrak ginela ala, akaso, Gazteriaren epaimahaikide gisa. Urte batzuetan urrundu ginen kanpoan bizi ginelako. Gure lan-ordutegiak egokituz itzuli ginen. Zinema lagunak aldatu genituen edo erritual batekin leialak izaten jarraitzen dugu. Urte bat gogoan dugu pelikula batengatik edo altxor bat bezala gordetzen dugu hainbat hilabetez zinemagile batek solasaldi batean esandako esaldia. Proiekzioek aurrera egin ahala, orainaren kezka partikularrak eta iraganeko pitzadura transferiezinak etortzen zaizkigu. Azkenean, dena elkarrizketa handi baten parte da, konpartitzen ditugun bizitzen puzzle konplexu, dramatiko, zirraragarri eta, batzuetan, baita zoriontsua ere.