Plus Ultra
Distopia: pertsonen askatasun, eskubide eta ongizatearen aurkakoa izateagatik nabarmentzen den gizarte edo talde bat. Definizioa egungo egoeraren isla da, kontrol totalaren adibide, Foucaultek ezaugarritutako panoptikoaren antzera. Askatasunen murrizte nabaria, gizakion erreprodukzioa (lana) eskubide bakar gisa, eta ongizatearen ogi apurrak ere ez dira ikusten, herritar xumeontzat behintzat.
Azken asteetan poliziaren jarduna izan da eztabaidagai. Errepresio-indarren bortizkeria agerikoa da, baina zer dago bortxa erabilera horren atzean? Zeinek baimendu du hau? Nola? Gaurkoan, bolo-bolo ibili den auzi bati helduko diot, labur bada ere: Estatua indartzearen aferari.
Estatu kapitalista, ez da jendarte osoaren interesetara eraikita dagoen entitate neutrala, egungo orden sozial kapitalista bermatzeko lurralde-antolaketa egitura da. Dominazioa eta ordena legeztatzen duen organoa da estatua, ziklo ekonomiko berrien premiak erregulatzeko jaioa. Hortaz, berau eraldatzen saiatzeak estatuaren gaineko ulerkera traketsa erakutsi dezake ezkerreko ikuspuntutik.
Sozialdemokraziak estatua kritikatzeko joera du, hegemonia elektoralean posizio politikoak irabazi nahian edo, nahiz eta bere helburua estatuan egituratutako instantzia ezberdinak gobernatzea izan. Beste hitz batzuetan, estatuaren indartzea da bilatzen duena. Estatuari izaera neutro bat onartzen diote bere instituzioak gobernagarriak eta estrategikoak direla onartzen duten momentutik, eta horrek, egungo harreman sozial kapitalisten onespena dakar.
Alderdi politikoek, politika egiteko esparru oso mugatua dute, eta joko elektoralak baditu bere albo-kateak. Alarma egoera bera zein neurri-murriztaileak gobernuak berak eskatu baino lehenago ezartzea eskatu dezakezu, enpresari handien eta entitate finantzarioen boterea handituko duten Europako Funtsak onartu ditzakezu, jazarpen poliziala ahalbidetuko dituzten aurrekontuak babestu ditzakezu edota lan-erreformaren harira kea saldu dezakezu. Ondoren jazarpen poliziala kritikatzea, ordea, ez da sinesgarria. Politika estatutik haratago doa, eta onartua den politika eredua estatuak finantzatutakoa den heinean, gainerako jardun politikoa debekatua dago. Beraz, enpresari handiez eta bankariez gain, hemen ere politikari profesionalek badute erantzukizuna.
Hau da estatuaren normaltasuna. Ziklo ekonomikoaren aldaketa bakoitzarekiko adaptazioa, estatuaren aparatu koertzitibo ezberdinen prestakuntza. Nik behintzat, ez nuke horren parte izan nahiko. Lokatz guzti honen dependentziatik at programa iraultzaile bat garatzea premiazkoa da. Pena da borondate on guztiarekin kapitalismoaren aurkako jarduna egiten saiatzea, ondoren goi-burgesiaren planei amen egiteko. Distopiaren inertziari jarraika, batzuk estatuaren parte dira, ikusi nahi ez duten arren.