Pozik nago!
Haserre, oso haserre egon naiz, krisi honen guztiaren aurrean, gobernuak, bere kudeaketa eza estaltzeko asmoz, ostalaritzaren, eta batez ere, gaueko aisiaren gain ipini duelako ardura guztia.
Haserre, oso haserre egon naiz, nire tabernan etengabe poliziaren lana egin behar izan dudalako, «benetako» poliziek isunez betetzen gintuzten bitartean.
Haserre, oso haserre egon naiz, kriminalizazio kanpaina beldurgarri baten ondorioz, egun batetik bestera, inongo azalpen logikorik gabe, tabernak ixtera behartu gaituztelako.
Haserre, oso haserre egon naiz, nirekin batera, nire lankideak kale gorrian ez gelditzeko, batere duinak ez diren baldintza batzuen menpe, taberna berriro ireki beharrean nagoelako…
Pozik nago gaur, ordea, zuekin, bezeroekin, gogoratzen naizen bakoitzean bezalaxe.
Izugarria izan da, konfinamenduaren ostean, ireki genuen lehenengo egunetik, adierazi diguzuen babesa. Ordutik, asko eta asko izan zarete agurtzera, zuritotxo bat hartzera, edo lurrera erortzeraino edatera hurbildu zaretenak. Denok maskara jarrita, bai, baina baita denok irribarrea eta euskara ahoan ere.
Pozik nago, gure kale estu eta ilun honetan, oraindik ere balio batzuek irauten dutela agerian gelditu delako. Auzolanak, elkar zaintzak eta elkartasunak kalea distiratsuago eta koloretsuago egiten baitute.
Pozik nago, jakin badakidalako, bihar, tabernako ateak berriro zabaltzen ditugunean, bertan egongo zaretela bertakoak, etxekoak, zuek denak.
Pozik nago, akaso, agian, apika… dena galduta ez dagoelako, eta amestutako auzo eredua eta bertako bizipoza berreskuratu ditzakegulako.
Orain delako garaia… Pozik nago!