Putre funtsaren lur hartzea
Baikorrenek ilusioarekin hasi hasi genuen 2000. urtea, nahiz eta zoritxar iragarleek iragarpen ilunak egin. Txanpon aldaketak jakin-mina pizten zuen, baita ehunka inkognita ere, ezin jakin zer ekarriko zuen atzean uzteak txanpon ziztrin baina bakar hura, aldi berean zenbaitentzat hain kuttuna: pezta .
Momentu horretan nire emazteak eta biok ezkontzea erabaki genuen, eta gure bizitza proiektua bizitzen hastea. Nire emazteari ama hil berri zitzaion, eta haren etxera joatea erabaki genuen. Alokairuan bizi izan zen Ategorrietan, eta bi urtez, familiakoak izateagatik, hark zuen arrazoizko errenta ordaindu genuen. Hortik aurrera, zalantza bat sortu zitzaigun: zenbat igoko zen errenta berria? Kontsulta egin genuen, eta ordaindu genezakeela iruditu zitzaigun.
Ordea, etxeak bazuen alde txar bat, etxea osorik berriztatu behar genuen. Garai hartan bizilagunek esaten zuten alokairu horiek “bizi osorako zirela, eta inork ez zintuela kaleratuko errenta ordainduz gero”. Neurri batean logikoa zen, alokatzeko etxeak baitziren, ez partikularrenak, eta bizilagun gehienek, adinean sartuak, urte asko zeramatzaten bertan bizitzen.
Beraz, itsu-itsuan etxea berriztatzen hasi ginen. Komunak, leihoak, lurra, sukaldea, berogailuak, ateak… Oraindik hamar urte pasatu gabeak ziren, eta lehen igoera handia iritsi zen. Euroa zirrara handia eragiten ari zen, eta aitzakia ezin hobea zen edozein egokitzapen ekonomiko egiteko; soldatak egokitzeko ez, jakina.
2019aren hondarrean, modu misteriotsuan, errentaren ordainagiriak berandutzen hasi ziren. Bizitzaren ironiak: maizterrak kezkatuta, alokatzailea ordainagiriak atzeratzen ari delako. Eta orduan hasi zen putrearen silueta gainetik hegan egiten.
Zurrumurruak hasi ziren etxebizitzen salmentaren inguruan eta erosleen inguruan: mafiako jendea zela, Espainiako enpresari ezagunak zirela… Egoera horren aurrean, bizilagunei proposatu nien bilera bat egiteko, alokatzaileak, Inmoviliaria Vascongadak, egoera argitu zezan. Haren erantzuna oso atsegina izan zen: bulego kontuak zirela, eta handik aurrera ordainagiriak eta beste kontu batzuk Madrildik eramango zituztela.
Hurrengo astean, honako lerroburu hau prentsan: “Inmoviliaria Vascongadak bere akzio guztiak saldu dizkio Lazora inbertsio funtsari”. Eta, nor zen Lazora? Pixka bat ikertu ondoren, alarma guztiak piztu ziren. Kaleratzeak Stop gurekin jarri zen harremanetan, eta jendaurrean salatu genuen putre funts baten esku geratu ginela, eta arriskuan geundela.
Handik hilabetera iritsi zitzaizkigun burofaxak. Ohartarazi ziguten bukatzear ziren kontratuak ez zirela berrituko. Eta orduan sortu genuen Inquilinos Azora elkartea. Beste eragile batzuekin batera mobilizatzen hasi ginen. Putreak atzaparrak erakutsi zituen, eta urretxindorrez mozorrotuta, iragarri zuen %33ko igoera ezarriko zuela bukatzear zeuden kontratuetan. Ezin genuen errenta hori ordaindu. Eta putre funtsak auzitara jo zuen. Handik egun gutxira iritsi zen epaia: etxegabetuko gintuzten. Orduan hasi zen tragedia.
Hogei urteren ondoren, kaleratu egin gaituzte, soinean genuenarekin. Samintasun handiarekin joan gara, norbaitek pertsonen bizitzekin jolastu duelako, norbait are gehiago aberasteko. Eta hau da gure historia. 65 urte ditut, erretiroa hartzear nago, eta nire emaztearekin lasai bizitzeko gogotsu nago. Desgaitasunak ditugu biok, urte luzez gogor lan egiteagatik. Eta kale gorrian geratzeko arriskuan egon gara. Udalak eskaini digu bi hilabetez bizitoki zerbitzudun egokitu bat Intxaurrondon.
Zortzi familia gehiagori kontratua bukatuko zaie, eta putre funtsaren asmoak berberak dira oraindik. Pentsatzen bazuten ni erditik kenduta arazoa bukatuko zela, jai daukate. Bilerak egiten ari ara, eta beraien bila goaz.
Oinarrizko eskubide batekin negozioa egin nahi izatea ulertezina da; borrokan jarraitu beharko dugu inork ez dezan bere soldataren %30 baino gehiago ordaindu etxebizitzarengatik. Eta hau ez badu inork ulertzen, akabo etxebizitza eskubidea.