Rosa Valverderen estudioan
Udaran lorategirako atea irekita beti; neguan lore moztuak barruan, garaikoak, noski, kameliak eta mimosak.
Apaletan milaka objektu, aurkitutako gauzatxoak –eta gordeak– noizbait agian arte kaxa batetan sortuko den istorioaren partaide izango direnak. Orain San Telmo museoan itxi berri den erakusketan ikusi ahal izan diren horietako arte kaxa batean.
Mahaia, oso handia, bete beteta ere bai. Marrazteko erremintak eskura, potoetan sartuak, koloretako arkatzak eta errotuladoreak, pastelak eta argizarien kaxak. Rosa Valverderen* sendiak San Telmo museoari egindako dohaintza osatzen duten paper gaineko artelan ugari sortzeko erabiliak.
Kristalezko atetxo baten beste aldera, grabatuak egiteko tailerra. Hemen gailu bereziak daude, arriskutsuak batzuk ere, erabiltzen badira. Apirilaren 2a arte daude ikusgai Donostiako Ekain Arte Galerian, han egindako grabatu asko.
Musika entzuten da, batez ere lanean harrapatu baduzu Rosa. Agian italiar abeslariren baten CD bat izan daiteke, Florentzian Il Bisonte eskolan grabatua ikasten ibili zen garaian erositakoa.
Paretaren kontra, ondo jasota, zenbait asto txiki eta ertain daude. Estudiora etortzen zaizkion ikasleenak dira. Lehenago, Donostian, 1990eko hamarkadan, haur eta helduentzako bi tailer izan zituen, Prim kalean lehendabizi, eta Triunfo kalean ondoren. Bera haur zela ezagutu zuen arte tailer baten tankeran antolatutakoa, Jose Antonio Sistiaga izan baitzuen Rosa Valverdek maisu «Academia Libre» izeneko haurrentzako arte eskolan, Donostian, 1960ko hamarkadan. Orain, hirurogei urteren ondoren, maisuak eta ikasleak kointziditu egin dute Donostian berriz, bakoitza bere erakusketarekin, oraindik ere ikusgai baitago Sistiagaren De Rerum Natura Kursaaleko Kubo aretoan. Gasteizko Artium museoan ere topo egin dute biek, artearen hezkuntza esperimentalari eskainitako erakusketan; hau ekainaren 5a arte dago ikusgai.
Eta argi hoberena dagoen tokian, bi leiho handik argi ugari pasatzen uztean sortzen den espazioan, artistaren astoa, bere aita Antonio Valverde zenak, goitizenez Ayalde, erabiltzen zuen berbera. Seguraski margolan bat egongo da astoan jarrita, ispilu gisa estudioan, hau da Rosaren unibertsoan, aurkitu dugun guztia jaso eta islatzen duena.
*Rosa Valverde Lamsfus, Donostia 1953 – Azkaine 2015.