Gu txikiak ginenean auzoko haur guztioi intxaur bana banatzen ziguten San Joan bezperan, eta amonak eta biok zure amari ere ematen genion bat. Intxaur fruitua ederra da indarra hartzeko… eta oskolak sekretuak gordetzeko kutxa magikoak direla diote. Intxaurra jan ondoren, oskolaren erdia hartu, zure kezkak hari xuxurlatu eta San Joan sura botatzen baduzu…Aio kezkak!… Hori diote». Horrela dio Intxaurrondo Zaharreko aspaldiko ohitura batek.
Badira gau magikoak, eta badira auzo magikoak. Donostiarrok postal-hiri batean bizi garela sentitzen dugu azkenaldian. Postalak ederrak izaten dira, opor usaina darien argazki perfektuak. Baina postal batean bizitzeak ordaindu beharreko zerga dakar, dekoratu batean bizitzera kondenatua egotea, beste batek zuzentzen duen film bateko figurante moduan.
Duela 22 urte Intxaurrondo Zaharrera bizitzera etorri nintzenean, ordea, oasi txiki bat aurkitu nuen. Garai batean lanera joateko bost minutu lehenago ateratzen nintzen etxetik banekielako kale garbitzailearekin topo egingo nuela, eta hark egun onak emateaz gain auzokideekin txor-txorrean aritzea maite zuela. Luis zuen izena, eta kalea garbitzen zuen bitartean Maritxuk jaisten zion kafe egin berria gosaltzen zuen. Duela ez asko, Donostian! Horri magia esaten zaio.
Garbiñek eta Helenak martxan jarri zuten 0-5 urteko umeentzako gune bat egiteko proiektua, eta auzoko guraso multzo andana inplikatu ginen bertan. Neguko arratsalde euritsuak nor bere etxean pasa beharrean haurrentzako gunean auzoko beste umeekin jolasean aritzen ziren nireak haur garaian. Duela ez asko, Donostian! Horri magia esaten zaio.
Nire semeak 8 urte dituztenetik auzoko kantxetara doaz eurek bakarrik lagunekin jolastera, eta ikastolara oinez joaten dira kuadrillan. Gaur egun Donostian! Horri magia esaten zaio, eta autonomia, elkarzaintza, babesa…
Auzolana terminoa herri ingurunearekin lotzen badugu ere, bada horrelakorik hirietako auzo bizitzan. Auzolanari darion kutsu magikoaz ospatuko dugu Intxaurrondon urteko gaurik magikoena aurten, lagunekin eta intxaur oskolekin gure kezkak eta ametsak partekatuz. Donostia ez delako soilik postal eder bat.
San Joan, San Joan, intxaur bi kolkoan, beste bi altzoan, penak eta kezkak erre erre, ametsak zaindu zaindu, biba San Joan!