Santa Klara uhartea, sakrifiziorako beste gune bat
Udaberria uhartera iritsi da. Hona txilarrak loretan, horra bertako sugandila eguzkitan, hara kaio hankahorien kolonia karranka. Donostiako paradisuetako bat, urez inguratutako 5,4 hektareako lur puska horretan dago, badiaren erdian eta guztion begi-bistan.
Urak Santa Klara uharte bilakatu du, eta urak uharteari babesa eman dio. Urgull eta Santa Klararen arteko distantzia 400 metrokoa da. Batean itsas hegaztiek urtean zehar bizi dira eta lo egiten dute, bestean ez. Batean beraien habiak lurrean sakabanatuta daude, bestean haien habiarik ez dago. Orain arte, batera udan baino ezin zitekeen joan, bestera egunero.
Arestian, Donostiako alkate Eneko Goiak eta Cristina Iglesias eskultoreak uharteko itsasargiaren etxean dagoen Hondalea izeneko eskultura industria turistikoaren mesedetan apirilaren 1etik 16ra ireki egingo dela jakinarazi dute, Aste Santuan eta itsas hegaztien habia egiteko garai bete-betean.
Aldi berean, Donostiako Udaleko Donostia Turismoa izeneko merkataritza sozietateak bere webgunean bai Aste Santuan, zein apirilaren 1etik maiatzaren 31ra bitarteko asteburuetan ere, iragarri ditu uhartera joateko zortzi bidaia itsasontziz eguneko, 140 pertsonako edukiera dutenak. Hots, itsas hegaztiak lurrean txitatze lanetan ari diren bitartean, 1.120 turista eguneko uhartera joatea eskaini dute: 17.920 lagun, apirilaren 1etik 16ra bitarte. Ez da aditua izan behar jakiteko jende andana horren joan-etorriek egun ezagutzen dugun uhartearen ondare naturalaren desagerpena eragingo duela. Iragarpena mundu aberatsaren sei hizkuntzetan dago: japonieraz, alemanez, ingelesez, frantsesez, gazteleraz eta euskaraz. Zuk zeuk sansebastianturismoa.eus atarian egiazta dezakezu.
Martxoan bertan, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuak iragarri du «baldintza zorrotzak gainditu ondoren, Donostiak Helmuga Turistiko Adimenduaren bereizgarria lortu duela», eta «zigilu hori soilik hiri jasangarriek, irisgarriek eta egoiliarren bizitza hobetzen dutenek lortzen dutela» gaineratu du.
Atzean geratu da naturzaleok Hondalea gailu turistikoa Pasealeku Berriko aparkalekuan kokatzeko proposamena, atzean belaunaldietan donostiarrok uharteari naturaren mesedetan soilik udan bisitatzen erakutsitako begirunea, atzean udal gobernuarekin eta Cristina Iglesiasen enpresa turistikoarekin naturzaleok eta boluntariook adostutako konpromisoak, udatik at jarduerarik ez aritzea, besteak beste.
Askoz diru gehiago nahi dute, guztiona den ondare naturala eta unibertsala suntsitzearen truke bada ere.