Sare sozialak erori zireneko amesgaiztoa
Internautak gehien beldurtzen dituen amesgaiztoa joan den asteko astelehenean gauzatu zen. Facebookek, Instagramek eta Whatsappek sei orduz funtzionatzeari utzi zioten eta, bat-batean, Internetek ez zuen ezertarako balio. Jende beldurtu eta haserretuaren txioen artean, burura etorri zitzaidan segituan Jaron Lanierrek Zure sare sozialak berehala ezabatzeko hamar arrazoi liburuan deskribatzen duen errealitatea. Erraldoi teknologiko horiek, beste behin ere, lortu zuten gure portaera aldatzea, itzalita, zerbitzutik kanpo egonda ere.
Gertakari bat besterik ez da, erraldoi teknologikoek gure bizitzetan duten papera birplanteatzera (berriro ere) eramaten gaituena. Teknologia digitalek menderatzen duten munduan, non itxuraz dena den polita eta gardena, ez dugu horren atzean ezkutatzen den logika ikusten. Segundoero erabiltzen ditugun gailuen atzean dauden erraldoi teknologikoen gehiegikeriek gure pribatutasunaren, askatasunaren, pentsamendu kritikoaren eta gizartearen iraunkortasunaren moduko kontzeptuak arriskuan jartzen dituzte.
Norantz goaz? Nola egiten dio kalte digitalizazioak gure gizartearen iraunkortasunari? Galdera horien erantzunaren eta erraldoi teknologikoen gehiegikerien konponbidearen zati bat teknologia burujabetzari dagokio. Honen harira, aipatu nahiko nuke urriaren 28an San Telmon izango diren Euskarabildua jardunaldiak, erronka horiek mahai gaineratuko baitituzte. Ingurumen eta gizarte erronkek markatutako garai honetan, teknologiaren eta iraunkortasunaren inguruko hausnarketa egitea ezinbestekoa zaigu. Eta hausnarketa honetan teknologia burujabetzak ekarpen garrantzitsua egiten du.
Tira, ez dakit irtenbidea sare sozialak ezabatzea den, baina badakit behintzat lehenengo urratsa erraldoi teknologiko horien atzean dagoenaz jabetzea dela. Euskarabilduaren leloa bihurtu den esaldiak esaten duen moduan, Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da.