Sektore publikoa, demokraziaren berme
Atzokoa ez zen beste greba bat izan. Atzo sektore publiko osoak modu bateratuan eta sindikatu gehienen adostasunarekin bideraturiko greba izan zen, hezkuntzarena, Osakidetzarena, gizarte zerbitzuena, justiziarena, udalena, aldundiena, patronatu eta enpresa publikoena… Jarritako oztopo eta neurri gabeko zerbitzu minimoen gainetik, sektore publikoan lan egiten dugun milaka langile izan ginen kalera atera ginenok, jokoan duguna gure lan baldintzak baino askoz ere gehiago baita.
Gure eguneroko bizitzan askotan ohartzen ez bagara ere, sektore publikoa da herritarroi aitortzen zaizkigun oinarrizko eskubideak bermatzeko tresna nagusia. Izan ere, herritarron eskubideak administrazioaren betebeharrak bihurtzen dira sistema demokratikoetan. Eskubiderik gabe ez dago demokraziarik. Hortik datorkio izaera estrategikoa sektore publikoari.
Enplegu publikoaren egoera penagarri hau erabaki politikoen ondorio zuzena da; hortaz, konponbideek ere erabaki politikoetatik etorri behar dute. Azken hamarkada honetan nagusi izan diren PP, PSOE eta PNV alderdiek gure eskubideen berme unibertsala ziurtatzen duen zerbitzu publikoaren aurkako etengabeko murrizketa eta prekarizazio neurriak hartu dituzte. Milaka interinoen egoera irregularra mantentzeaz gain, pribatizazioak areagotu dituzte, zaintza lanekin negozio egiteraino, lanpostu publikoak amortizatu eta subkontratazioa indartu dute, askotan bere inguruko enpresen mesedetan. Eta hau guztia zerbitzu publikoen kalitatearen galerarako, hau da, pertsona guztion oinarrizko eskubide sozial, zibil eta politikoen kalterako. Demokraziaren kalterako.
Horregatik, atzo greba egin genuen, abusuzko bitartekotasunaren aurka, enplegua kontsolidatzearen eta zerbitzu publikoen alde, kapitalak bultzatu nahi duen «normaltasun berria» ez dugula nahi ozenki aldarrikatuz. Gure borroka demokraziaren kalitatea bermatuko duen zerbitzu publikoak indartzearen aldekoa da eta izango da. Eutsi diezaiogun erronkari!