Selfieak
Aurreko batean irakurri nuen, Ingalaterrako futbol zale batek, segundo batzuk beranduago ospatu zuela bere taldearen gola. Ez zuen, antza, golaren unean, behar bezala grabatu mugikorrarekin bere ospakizuna. Pentsatzen dut, Instagram-en, Twitter-en edo dena delakoan argitaratuko zuela ditxosozko bideoa.
Antzeko beste mila pasadizo etorri zitzaizkidan burura: Zurriolako hondartzan bakar bakarrik zegoen gazte aspertuarena, adibidez, selfie bat egiteko bere irribarrerik gozoena jartzen zuen harena; edo, modako antzerki bat ikustera joan bikotearena, antzokian sartu orduko bere buruei argazkia atera ziena.
Silicon Valley-ko ingeniari eta psikologoek sekulakoa asmatu dutela pentsatuko dute, baina nabarmendu behar hori txikitatik eduki dugu gure atzetik segika.
Umetan, futbolari onena izan nahi genuen, edo gehien korritzen zuena, edo… geroxeago, bertsotan ere, onena bihurtu nahi izan nuen nik, xelebreena eta serioena, zirtolariena eta sakonena…
Kontua da gero lanean hasi ginela, eta, auto handiena eduki nahi izan genuela, etxe zentriko eta argitsuena, eta noski, Anoetako toki onena.
Eta eduki daitekeen dena eduki genuenean, selfieak egiten hasi ginen; lagunei lehendabizi, eta munduari ondoren, gu han izan ginela erakusteko, oporrik exotikoenak izan ditugula edo modako jatetxean afaldu dugula jakinarazteko…
Baina kontua da, ume eta nerabezaroko nabarmendu nahi hartan, baloiari ematen ikasi nuela, eta hobeto ala okerrago bertsotan oraindik ere egiten badakidala; baina, kotxe handienarekin opor exotikoenak egiteko, daukagun (edo ez dauzkagun) dirua gastatu baino ez dugula egin behar.