Solidaritatea plazan
Arratsaldeko zortzi eta erdiak aldera Konstituzio plazara inguratzen denak ikuskizun bitxia topatuko du liburutegiko arkupean: alde batean, etxegabe multzoa zain, berrogei inguru, eserita edo hormaren kontra, gehienak magrebtar jatorrikoak, paperik gabeak; beste aldean, Kaleko Afari Solidarioak taldeko boluntario pare bat mahaia jartzen; beste boluntario bat erosketa-orga ogiz leporaino dakarrela plaza zeharkatzen. Bat-batean, janariaren usain gozoa gailentzen da, iritsi baitira eguneko eltzekoa prestatu dutenak. Hortik aurrera, giroa elektrifikatu egingo da, zain egon direnak goseak baitaude, eta boluntarioek ahal bezain azkarren asetu daitezen saiatzen dira. Nahasmena, presa, baita esker oneko hitzak ere – «nire amaren sukaldea gogorarazten dit». Afalostean patxada nagusitzen da, egun horretan otordu bero bat lortu dutelako batzuek, eta otordua eskaini ahal izan dutelako besteek.
Urtebete pasatxo daramagu auzoko boluntario taldeak lanean. Talde berriak sortu dira Egia eta Amara auzoetan ere. Gogoan dut zein urduri nengoen hasieran. Etxeko sukaldea guda zelaia izango balitz bezala utzi nuen hainbeste pertsonarentzat lehenengo aldiz kozinatu nuenean – «iritsiko ote da denentzat?», kezka nagusia. Denbora pasa ahala, hartu diogu neurria osagaiak kalkulatzeari. Bestelako kezkak ditugu orain, ordea: boluntarioak aurkitzea dela, edo plazan giro lasaia eta segurua mantentzea. Baina batez ere etorkizuna da kezkagarriena. Noiz arte jarraitu behar dugu honetan? Noiz hartuko dute erakundeek –udalak zehazki– bere gain orain gu egiten ari garen lana? Zeren zain daude kalean bizi direnak gizarteratzeko behar diren baliabideak egokitzeko?
Pandemiak modu ankerrean agerrarazi digu kalean bizi direnen eta gure arteko arrakala. Presaka etxerantz abiatzen ginenean etxeratze-agindua betetzera, han ikusten genituen, hustutako kale zokoetan gau hotzari aurre egiteko prestatzen. Ezinezkoa zen atsekabea alboratzea eta beste aldera begiratzea. Amaitzen doaz murriztapenak, baina kalean diraute etxegabeek. Erakunde publikoen utzikeriaren aurrean, auzotarrok antolatuta jarraitzen dugu, modu espontaneo eta organikoan. Eredu kontsumistaren sinbolo bihurtu den Konstituzio plazan, terrazek bereganatutako Plaza Berrian, solidaritateak bere lekua aldarrikatu nahi du.