Soluziorik ez parlamentuetan
Segur aski konturatuko zinen honez gero; bizitzak badu prezioa, eta gero eta garestiagoa da. Askotan entzun behar izan dugu jada argindarraren prezioa marka historikoetara iritsiko dela biharamunean. Ez hori bakarrik, elikagaien prezioak etengabe ari dira igotzen, gasolinaren prezioak bi aldiz pentsatzera eramaten gaitu autoaren depositua bete behar dugunean, eta gazteontzat etxebizitza bat alokatzea fantasia hutsa da, are gehiago Donostian. Egunerokoan nabaritzen gabiltza gero eta kostu gehigarri gehiago agertzen zaizkigula. Horren erakusgarri da Gipuzkoan barrena gidatzeagatik ezarriko diguten bidesari berria.
Prezioek gora egiten duten bitartean, soldata erreala beherakorra da. Ondorioa argia da: bizitza garestitzen ari da. Erreformen amorratuak konturatuko al dira oraingoan euren proiektuen gabezia nabarmenaz? Ez dago egoera hau erreformatzerik, ez behintzat etsaiaren joko zelaian.
Kontuak ateratzen hasita, eta urte berriari ongietorria egin diogula aprobetxatuz, esan beharra dago gobernatzen gaituzten politikari profesionalek urte eredugarria utzi digutela beste behin ere; aipatutako bizitzaren garestitzea ez ezik, ezgaitasun nabarmena erakutsi dute osasun egoera hau kontrolatzen saiatzeko eta aterabide autoritarioa izan da aukeraketa une oro: eskubide kolektiboen urraketa eta jazarpena. Dena legebiltzarrean ditugun alderdien adostasun eta sostenguarekin. Konturatuko al gara behingoz, egun parlamentuan dauden guztiek ez dutela, modu batera edo bestera, enpresariek sortzen duten miseria kudeatu besterik egiten?
2021. urteak ondorengo datu kezkagarriak utzi dizkigu: 62 langileren erailketa (horietatik lau, Donostian), 250 lan istripu baino gehiago, bost emakume eta zazpi etorkin erailak, eta 200dik gora izan dira bere buruaz beste egin dutenak Euskal Herrian. Ez dira estatistika soilak, behar duten garrantzia eta atentzioa merezi dute. Langileon bizi ereduaren erakusgarri garbiak dira datuok, eta soluziorik ez parlamentuetan. Hasi dugu 2022.urtea, eta gure esku dago hain latza ez izatea. Ez delako zori kontua, antolakuntza gaitasun eraginkorrena baizik. Donostiako beste gazte askok bezala, batu ditzagun indarrak egungo politikarien mundu guzti horretatik kanpo antolatzen jarraitzeko eta indarrak batzeko. Lehen hitzordua, urtarrilaren 29an dugu Bilbon.