Tempus fugit
Egungo krisi kapitalistaren testuinguruan, gazte langileoi eragiten diguten auzi ezberdinen inguruan eta Donostiako egoeraz arituko naiz aurrerantzean. Lehen artikulu hau krisi kapitalista bera kokatzeko erabiliko dut, egungo egoera ulertzeko giltzarria baita nire ustetan. Krisia merkantzien zirkulazioa eta ekoizpena moldatzea litzake, kapitalak berezkoa duen akumulazio gaitasuna mantendu dezan. Hemen, a priori, ez dago desadostasunik, ezta ere krisiak kapitalari berezkoak zaizkion fenomenoak direla esaten badut ere. Hemendik aurrera, ordea, bi ikuskera nagusitzen dira; krisiak era isolatuan azaldu nahi dituena, garai oparoago baten espero idealizatuan, edota; kapitalismoak bere burua erreproduzitzeko dituen zailtasunak gero eta sakonagoak direla defendatzen dugunona.
Covid-19arekin, eremu jakin batzuetatik hainbat esparru krisian daudela azpimarratu bada ere, proposamen politikoa ongizate estatua babestea izan da. 2008ko krisian langileriaren bizi maila jaitsi eta honen aurrezkiak berriz ere akumulazio ziklo bat abiatzeko erabili ziren arren, akumulazio ziklo berri horren etetearen lehenengo zantzuak igartzen hasi ginen. Egun, ongizate estatuaren gainbehera errealitate bat da, kapitalismoak berregituratzeko duen gaitasun gabezia tarteko.
Pribatizazioak, langabezia tasa estrukturala edota bizitzako esfera berrien merkantilizazioa, adibidez, kapitalismoa balorizatzeko arazoekin lotuta daude. Hauek ongizate estatua ordezkatzen duten ezaugarri berriak dira, lan-indarraren debaluazioa eragin eta, finean, zeinak lan eta bizi baldintzak okertuko baitizkio gizartearen gehiengoari.
Horrek guztiak ondorioak ditu langile ‘millennial’-en eta Z belaunaldikoen artean, arazoak areagotzen zaizkiolako jada debaluatua den subjektu bati, arazoen areagotze bat gehitzen zaiolako: langabezia-tasa handitzea, emantzipazio gaitasun eza, aldi baterako enpresen nagusitasuna eta abar. Bestetik, gazteriaren gaineko interbentzio kulturala ere nabaria da: gazteriaren despolitizazioa, entretenimendu industrien kontsumoa, harreman sozialen merkantilizaziorako joera…
Denbora ez daukagu gure alde, inertziak denominazio orokorrean sakontzea baino ez dakarrelako. Kapitalismoak ezartzen dituen diziplina berri guztien aurrean haustura terminoetan antolatzeko hautua berme bakarra delakoan nago. Krisi garaiotan, gure beharrizanak inork bermatzen ez dizkigun garaian alegia, antolakuntza politikoa nahi bat baino gehiago, ezinbesteko premisa dela uste dut.