Tsunamia
Nor dago Tsunami Demokratikoaren atzean? Tabernatan, telebistaz emandako tertulietan, Moncloan eta Auzitegi Nazionalean hori da azken egunotako hizpidea, eta aitor dezagun: gutako askok izan dugu ongi gordetako informazio hori argitzeko jakin-mina. Nor dagoen atzean? Ba, aurrean dagoen jende bera. Herritarrak. Milaka eta milaka. Itsaso bat.
Kontua, berez, ez da hori. Kontua da nola josi duten herritar horiek guztiek batzen dituen sarea, josten zaila eta hausten hain erreza izaten den konfiantzazko sarea. Herri bat ez da egun batetik bestera ahalduntzen, ezta epairik bidegabeenaren aurrean ere. Ulertuko nau ahalduntzen ari den emakumeak. Ulertuko nau euskahaldun izateko bidean dagoenak. Ahalduntze propioa zein kolektiboa konkistatzeko, bidea egin beharra dago.
Tsunami demokratiko bat eragin nahi dugula? Jos dezagun elkarrekin konfiantzazko sare hori, eta artikula dezagun. Asko gara burujabe izan nahi dugunok, gure bizitzetan eta komunitatean eragiten duten auzien gainean erabaki nahi dugunok, gure herriaren etorkizuna gure esku nahi dugunok. Bidea egiten ari gara, baina batzuetan, gehiegitan, atomizatuta ibiltzen gara.
Burujabetzarako bidea elkarrekin egiteko ekimen bat martxan jartzen ari gara Gure Eskuko kideok hainbat eragile sozial eta sindikalekin: erreferendumaren aldeko herri-ekimena. Herri erronka bat da, herritar eta eragileon arteko konfiantzazko sare bat josi eta artikulatzeko balio dezakeena, nork bere bidea utzi gabe, denona izango den bide bati ekin diezaiogun.
Garai konplexua eta interesgarria erreferendumak aldarrikatzeko, ezta? Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du erabakitzeko eskubidea praktikatzea delitua dela: sediziotzat jo du erreferendum bat antolatu, eta herritarrei hitza ematea. Baina larunbatean Josu Etxaburuk Donostiako manifestazioaren ondoren esan bezala, «gure erabakitzeko gaitasuna gurea da; eragotzi dezakete, baina ezin digute kendu».
Honenbestez, uste dut bi eratara erantzun beharko geniokeela –gutxienez– epaiari eta inposatu nahi diguten kontra-erreforma antidemokratikoari: batetik, eskubideen defentsan eta Kataluniarekin elkartasunez kalera aterata; eta bestetik, gure bidea eginez. Kalera atera gara, eta eragin dugu olatua. Gure bidea eginez eragingo dugu tsunamia.
Irati Elizalde, Gure Eskuko Gipuzkoako koordinatzailea