Txillardegi eta Azurmendi kulturaz eta estetikaz
Estetika ez da moda kontua, edo ez soilik. ‘Pertzepzio’ hitz greziarretik (aistesis) datorkigu ‘estetika’, eta gure zentzumen guztien aktibatze gisa ere uler daiteke. Horregatik, MITen dabilen Otto Scharmer irakasleak dio ez dugula ingurumen-krisia inoiz konponduko, baldin ez badugu gure zentzumena berraurkitzen, inguruko bizitzarako ate gisa. Krisi ekologikoak naturarekiko dugun zentzumen galera islatzen du maiz; galera edo hutsunea betetzen dugu kontsumoarekin, zeinak bere aldetik krisi ekologikoa areagotzen duen. Gurpil zoro horretatik askatzeko, estetika zer den berpentsatu behar.
Euskal estetikarekin eta pentsamenduarekin lotutako bi ekitaldi garrantzitsu izango ditugu datorren abenduaren 11n Donostian. Lehenengoa, Txillardegi Multimedia izeneko emanaldia, Ibaetako campusean EHUk zabaldu berri duen Txillardegi Aretoan. Hau da Carlos Santamaria Zentroan dagoen erakusketa aretoa, eta azken urteotan protagonismoa hartu du campuseko kultur bizitzan. Unibertsitatea, hiria, arteak eta hizkuntzak gurutzatzen diren gune zabala da, nahiz eta azaroaren 13an eginiko Txillardegiri gorazarre ekitaldian txiki geratu.
Merezitako gorazarrearekin jarraitzeaz gain bere estetikan sakontzeko abagunea ere eskainiz, Txillardegi Multimedia programatu dugu abenduaren 11n, 13:00etan, aretoan bertan. Garazi Goñi pianojoleak Mussorgskyren Erakusketa bateko margolanak piezaren zati batzuk joko ditu, Dorleta Urretabizkaiak eta Asier Hernandezek Txillardegiren testu hautatuak irakurriko dituztela. Bitartean, Unai Gaztelumendi margotzen arituko da, zentzumen gehiago esperientziari gehituz.
«Ur lasterraren erdian goaz, ez gaude ia ertzetik begira» idatzi zuen Koldo Mitxelenak, Leturiaren egunkari ezkutua-ri eginiko hitzaurrean. Uraren metaforak eramaten gaitu bigarren ekitaldira, egun horretan bertan abiatuko dena, 15:00etan San Telmo Museoan: Joxe Azurmendi Kongresua. Filosofoaren hitzak erabiliz, nago euskal pentsamenduaren «ur-jauzia» aztertuko eta indartuko duen bilkurak berebiziko garrantzia hartuko duela etorkizunean. Joxerentzat kultura (estetika barne) kontzienzia delako, alegia: bere burua ezagutzen duen sistema autonomoa, errealitatean eta oraingoan kokatuta.
Antonio Casado Da Rocha, EHUko Gipuzkoako Campuseko Hedakuntza zuzendaria