Txinparta txiki baten indarra
Amarako Ikasbide ikastola zaharreko gela batean elkar ezagutu genuen. Isil-isilik elkarri begira. Marije Manterolak egin zituen aurkezpenak. Atzerritarra zen gizon luzexko bat ezagutu genuen, euskaraz hitz egitean alemaniar azentua zuena: Jurgen Wolff. Bera izan zen hizkuntz trukeak antolatzearen proposamena gure artera ekarri zuena, Tandemen ideia oinarri hartuta. Sinplea, erraza, emankorra eta dibertigarria zen. Zer, egingo al dugu? Esan genion elkarri.
Eta, halaxe hasi ginen, proiektu guztiak hasten diren modu berean. Elkartzen hasi ginen sarri samar, eta ideia proiektu bihurtu genuen gogo eta ilusio betean. Baina, zer behar zuen esperimentuak arrakasta izan zezan? Bada, euskaraz egiten zuen herritarra eta euskara ikasten ari zen beste bat elkartzen hastea, maiztasun jakin batekin (astean behin, birritan), toki batean (taberna, plaza edo parke batean), elkarrekin euskaraz aritzeko.
Era horretan, orain dela 30 urte, txinparta txiki batzuk sortzea lortu genuen. Hasieran biko, hiruko eta lauko taldeak sortu genituen, auzo, genero, adin askotariko herritarrak elkarrekin euskaraz solas egiteko. Txinparta txikiak ziren haiek su txiki bihurtzea lortu zuten hainbat bagerakidek, tartean, Aitziber Gurutzeagak eta Ane Loidik. Guk hasitako bideari segida eman zioten, eta nola gainera. Egitasmoa hainbat auzotan barreiatzen hasi ziren, gero eta talde gehiago sortu ziren eta, denbora batera, Donostiako mugak gainditu zituzten. Gaur egun mintzalagunaren ideiatik abiatuta, aldaera asko sortu dira: berbalagun taldeak, bazkaltegiak, zahar berri eta mintzanet, online formatuan. Egun, 7.000 mintzalagun ditugu Euskal Herrian, 95 herritan: Getxo, Hendaia, Eibar, Bergara, Iruñerria, Erandio, Arrasate, Gasteiz, Urkabustaiz, Lizarra, Tolosa, Zaldibar, Zornotza, Hondarribia… Eta, online ere Euskal Herritik kanpo txoko askotan egiten da mintzapraktika.
Pertsona askoren ahalegina egon da hasiera beretik proiektuaren muinean, eskuzabaltasun eta konplizitate handia bidelagun eta bidelarien aldetik. Auzo, taberna, plaza, txoko, mendi bazterrak eta sarea ederki asko argitu dituzue urte hauetan elkartu zareten guztiek. Handia egin duzue! Segi orain arte bezala, Donostiako txokoak argitzen!