Uda bateko besarkada
37 urte dira Oporrak Bakean programaren bidez Donostira lehen haur sahararra etorri zela. Hasierako urteetan 50 neska eta mutil etortzen ziren, gero 40, eta iaz 5 bakarrik etorri ziren. 5 familia bakarrik Donostia guztian, ez da al gutxi? Aurtengorako erronka 15 haur ekartzea da, eta erronka hori apirilak 20an bukatzen da, lortuko al dugu?
8 urteko haur errefuxiatu hauek desertutik ateratzeko beharra dute. Udan 55 gradu inguru egiten ditu Aljerian kokaturik dauden saharar errefuxiatuen kanpamentuetan. Hilabete gutxirako joan ziren hara, gerratik ihesi, babes bila, eta 47 urte daramatzate bertan. Ez al dira nahikoak?
1975. urtera arte Espainiako probintzia bat zen Mendebaldeko Sahara, eta Espainiak Maroko eta Mauritaniaren esku utzi zituen. Marokok gainera 350.000 soldadu bidali zituen “martxa berdea” deritzonaren bidez lurraldea kolonizatzera. 47 urte beranduago bertan geratu zirenak, kolonoen menpe bizi dira. Ez da samurra Mendebaldeko Sahara okupatuan bizirik irautea.
Errefuxiatuen kanpamentuetan jaio diren haurrek aldiz, bi hilabetez ondo elikatzeko beharra dute, duten anemia kendu eta negu gogorrari aurre egiteko nahikoa bitaminak hartzeko.
Medikuetatik pasatzeko beharra ere badute, eta dituzten gaixotasun txikiak sendatze bidean jartzeko aukera izan. Eta beste errealitate bat ezagutzeko beharra dute, beste hizkuntza batzuk ikasi, ohitura ezberdin batzuk, liburuetan ikusi dituzten mendi, erreka, zuhaitzak… beraien begiz ikusi eta ukitzeko beharra dute.
Honek guztiak borrokan jarraitzeko indarrak emango dizkiete, txikiak diren arren, oso argi dutelako sahararrak direla eta beraien lurraldean, Mendebaldeko Saharan, hondartza badagoela eta laster, ahalik eta lasterren bertara itzuliko direla, eta guk, harrera familiok, han bisitatuko ditugula saharar olatuetan jolastuz.
Bien bitartean, Euskal herrira etortzeko beharra dute, zure etxeko ateak irekiko dizkiezu?