Udazken liliak
Irailaren 23an eman zitzaion ongietorria udazkenari. Sare sozialetan, behintzat. Oraindik ez dut oso ondo ulertu hilabete eta urtaro berriei ongietorria emateko joera xelebre hori, baina tira. Sentimenduei erreparatuz gero, ordea, udazkena gabarroiak kentzen dituztenean hasi ohi dugu beste askok. Noiz eta nola kentzen dituzten inork ikusi ez arren.
Beste askorentzat urtaroen arteko muga kirol txapelketen amaiera eta hasierek zehazten dute. Honi helduta, Realeko nesken garaipen polit harekin hasi genuen uda (badakit maiatza zela oraindik…) eta Kontxako banderarekin amaitu. Oporrak alde batera utzita, pozik eta harro hasi nuen urtaro hura, eta triste bukatu.
Urtero lez, Aquarium ingurutik ikusi nituen estropadak. Jende asko bildu ohi da han. Belarri batean irratia, esku artean hamaiketakoa eta urduritasuna lagun. Inguruan oriotarrak nituen nagusi, baina horietako askoren presentziaz ez nintzen jabetu gizonezkoen tandak hasi ziren arte.
Haien taldearentzat izan da aurtengo Kontxako bandera. Merezita gainera. Kolorez jositako Donostiako kaleetan zehar, lagun oriotar askorekin egin nuen topo. Horietako bat zoriondu, eta, «oriotar bat garaile sentitzeko gizonezkoen trainerak irabazi behar du Maialen», bota zidan. Momentuan bertan entzun nuena ezin sinetsita tinko geratu nintzen. Amorruz josita. Haserre, oso haserre. Ez zen horrelakoak bota zituen bakarra izan. Baina gutxiengoa direla pentsatu nahi dut.
Ziurrenik, Erreginaren Koparen garaipen egunean askok berdina pentsatuko zuten. Oso zaila iruditzen zait zure taldeak garaipen bat eskuratu arte egindako urteetako ibilbide oztopotsu hori ez baloratzen jakitea. Eta ez naiz arraun eta futbol munduaz soilik ari.
Eskerrak datozen belaunaldiek beste betaurreko batzuk dauzkaten, eta askoren erreferente diren aipaturiko garaileak, askotan hain gutxi baloratzen diren kirolari profesional horiek. Entrenatutako gazte askok esan izan didate Ane Santesteban, Nahikari Garcia eta Maider Altuna direla, besteak beste, haien erreferente, haien idolo. Badago zer ikasi gazteenengandik.
Aitzakiarik ez, eskaintza zabala dago-eta Donostian; igandean Anoetan derbia jokatuko dute Realak eta Atheticek, hurrengo asteburuan Super Amara Bera Bera taldeak Valladolid hartuko du etxean, Bidebietan. Bestalde, azaroaren 2an Realeko Hockey taldeak hasiera emango dio ligari Bera Beran. Korrika lasterketek ere presentzia lortuko dute urrian hirian. Eta apustu egingo dut horietako askotan inoiz baino emakume gehiagok hartuko duela parte, Behobia-Donostian, bereziki.
Beste jarduera askoren artean, hor dauzkazue hitzordu batzuk udazkena ondo hasteko. Eta bai, onartzen dut udazkenean gaudela jada, gabarroiak kendu dituzte eta.
P.D.: Lerro hauen bidez irainduta sentitutako zaleei esan, ez zaretela zuek pasarte hauen protagonistak.