Umoreari buruz (I)
Umorearen mugei eta muga ezei buruz umoregile batek umoretik idatzi du. Hau ez bada Metabertsoa, Mark, Beñat Gaztelumendik aurrekoan kantatu zuena oraindik gutxiago. «Zer kantatu zuen aurrekoan Beñatek?». Ez dakit, aspaldi utzi nion bertsolaritza jarraitzeari. Azken esaldi hori irakurri eta gero euskaldunon ehuneko handi bat zorabiatzear egongo da. Horregatik hona nire gomendioa: eseri apur bat eta «hartu anasa» datorrena irakurri aurretik.
Metabertsoari buruz hitz egiten hasi naiz, baina, onartuko dizuet ez dudala gaiarekiko informazio askorik. Hortaz, ez dut Metabertsoaz gehiago hitz egingo hanka sartzearen beldur. Jarrera logikoa da ezta? Orduan, zergatik jarraitzen du mundu guztiak umoreari buruz hitz egiten adituak balira, edo akaso, umorea balute bezala? Ikerketa baten ondorioz jarrera horri izen bat jarri zioten, baina, ez dizuet esango ez baitut ikerketa irakurri.
Ni neu erabat ezjakina naiz gai askotan, baina, umoreari buruz badakidala zer edo zer uste dut. Eta sekretu bat kontatuko dizuet: umorea egitea zaila da, eta batez ere oholtza gainetik.
Askotan esan diogu gure lagun umoretsu horri bakarrizketa bat egitera animatzeko. Azken finean, lagun artean egiten dituen txisteekin malkoak eta guzti isurarazten dizkigu. Baina zer gertatzen da lagun hori guri hainbeste grazia egin diguten txisteak publiko handi baten aurrean kontatzen hasten denean? Umoregile ororen beldurrik handiena gertatzeko arriskua dagoela. Beldur horri «Isiltasun Absolutua», ala IA, deitzen zaio.
Zergatik gertatzen da fenomeno hori? Erantzuna oso sinplea da: umorearen hartzaile kopurua handitu ahala orduan eta zailagoa da umoreak eragina izatea. Zer? Itxaron. Bi lagun bagaude oso erraza izango da txisteek eragina edukitzea, bi lagunen artean kode berdina baitago. Hartzaile kopurua lagun bakarretik kuadrillara ala familiara zabaltzen badugu, kodeak antzekoa izaten jarraitzen du, hortaz umoreak eragin positiboa edukitzen jarraituko du.
Zer gertatzen da (orain kanpainan gaudela baliatuz) alderdi politiko berekoek afari bat egiten badute? Ez dira koadrila, baina, beste alderdi politikoez umorea eginez gau gogoangarri bat igaroko dute.
Kontziente naiz azken adibide hau irudikatzeko esfortzu asko eskatu dizuedala… politikariak umorea egiten JA! Rajoyren garaitik ez genuen halakorik ikusi!
Jarrai dezagun. Orain arte kode berean diharduten taldeez aritu gara. Baina zer gertatzen da, gure lagun umoregileari esan diogun bezala, oholtza gainera igotzean? Ez duzu hartzailea ezagutzen, hartzaileek ez dute elkar ezagutzen, hartzaile bakoitzak bere kodea du eta abar. Zer demontre egin behar duzu? Bertsotan. Edo hori izango zen jendearen txaloak jasotzeko modurik errazena. Baina esan bezala, umoreak gutxi du errazetik.
Barrexerkan, dirudienez, asmatu dugu erabili beharreko umorearekin. Antzokiak bete eta algaraka entzuteak pozez zoratzen gaitu. Gutxienez Bizkaiko herri batera joan eta IA (Isiltasun Absolutua) jasotzen dugun arte. Garbi dago beste kode bat dutela.
Baina Barrexerkara datorrena, zabaltzen ari bagara ere, esan daiteke nahiko publiko fidela dela, badakiela zertara doan eta zer jasoko duen. Baina demagun hartzaile kopurua oraindik gehiago zabaltzen dugula. Goazen telebistarajajajajajajaja. Barkatu. Telebistan guztiei gustatuko zaien umorea egitea ia (ia hau ez da Isiltasun Absolutua) ezinezkoa da. Oso ausarta ala erabat inkontzientea izan behar da pertsona bat telebistan umorea egiten jartzeko. Baina horri beste batean helduko diogu.
Telebista albo batera utzi eta sare sozialetara joko dugu azkenik. Sare sozialetan zabaltzen dena telebistarekin baino jende gehiagorengana iritsi daiteke. Baina, ez du berdin eragiten. Izan ere, sare sozialetan hartzaileak berari dagokion kodean dauden edukiak kontsumitzen ditu. Hau da, gustatzen zaizkion errezeten bideoen artean gustatzen zaion umorea topatuko du.
Gurean Atzean Zuloa aritu da bost urtez sareetara pilula umoretsuak igotzen. Eta donostiar gaztea naizenez, pertsonalki asko gustatu zaizkit, nahiz eta ulertzekoa den Oliteko agure bati graziarik ez egitea.
Hona umoreari buruzko saiakeraren lehen zatia. Edo lehen zatiaren saiakera. Bigarrena idatzita dago, baina, publikatzea ez dago nire esku.