Utzi auzoa bakean
Esku batekin ari naiz artikulu hau idazten, bestea ertzainek txikitu berri didate karga batean. Juxtu alboan zegoen laguna atxilotu dute karga horretan bertan; ni neu izan nintekeen. Hau idazten ari naizen momentu berean, bera Antiguako komisaldegiko zulorik ilunenean daukate; kalabozoan. Laster besarkatu eta negar egingo dugu amorruz adina konbentzimenduz elkarrekin.
Ertzainek Donostiako Parte Zaharrean erabili duten indarkeriak komunikabide nahiz sare sozialetako titularrak hartu dituzte azken asteetan. Behin eta berriro oldartu da polizia gazteon aurka… botelloiaren aitzakia jarri dute behin baino gehiagotan, baina inoiz botelloi batean egon denak badaki ronkola eta txirrisklasa bereizten.
Auzoko Gazte Asanbladak ideia argi bat azpimarratu du hasiera hasieratik:
Inpunitate poliziala inoiz baino gehiago areagotu da larrialdi egoeraren aitzakiapean. Manipulazio mediatikoa, bestalde, inoiz baino agerikoagoa bihurtu da. Baina errepresioa eta gezurra, beti izango dira hankamotz.
Gazteok gaude jopuntuan, gazteok garelako etorkizunaren giltza eta baldintza. Horregatik, gazteon kriminalizazioak izurritearen bilakaeraren erantzule bihurtzeko helburuari erantzuten dio; atentzioa desbideratu eta agintari instituzional, politiko eta ekonomikoen arduragabekeria zuritzeko. Praktika sistematiko hau gainera erraz zabaltzen ari da. Jazarpen polizialari, manipulazio mediatikoa gehituz gero, koktel molotof bikaina gazteriaren aurka. Baina denak ez du balio.
Irudi batek, hamaika azalpen baino gehiago balio omen ditu eta gaurkoak ikusi ostean, poliziaren interbentzioa justifikatuko duen bizilagunik ez du inork aurkituko.
Errepresioaren aurrean, ezinbestekoa da elkartasuna antolatu eta elkarrekin erantzutea, bestela gureak egin du. Proposamen zehatz bat: erresistentzia kutxak sortu edota indartzea.
Gazteon aurkako kriminalizazioak eta jazarpen polizial inpuneak, beldurra sortzea bilatzen du; beldurra jipoi eta zauriei, beldurra isunei, beldurra atxiloketei eta zergatik ez, beldurra espetxeratzeei. Baina urte luzeko bidearen ondorengoak gara, gazte konprometituak, egunez egun gure auzo eta herriak eraldatzeko lan egiten dugunak eta zorionez, gero eta gehiago garenak.
Dena ETA zenean agian bai, baina orain, guztiak ez die balio(ko).
Zergatik baina horrenbeste egur Donostiako Parte Zaharreko gazteei? Badakitelako, Euskal Herriko toki gehienetan ez bezala, mugimendu ezberdinetako kideok elkarlanaren beharraz aspaldi jabetu garela, elkarlanaren potentzian sinisten dugula eta horregatik, elkarrekin antolatzen hasi garela. Gaur gaurkoz gazteak soilik bai, baina ezker abertzalekoak, ildo sozialistakoak, autonomo eta anarkistak… guztiok elkarrekin; sinestezina badirudi ere, gaur gaurkoz halaxe da. Azken finean, guztiok garelako feministak, ekologistak, errepublikarrak eta euskaldunak.
Hainbat zatiketa bizi izan ditut Euskal Herriko herri mugimenduaren baitan eta argi daukat elkarren arteko desadostasun taktiko nahiz estrategikoen gainetik, kapitalaren aurka daukagun kontraesana lehenesteko gai ez bagara, ez dugula gauza asko lortzerik. Ez gaurko Donostiako Parte Zaharrean behintzat. Burgesiak indar handia baitu eta batez ere, irabazi asko duelako jokoan auzo honetan. Auzotarrak edo turistak, multinazionalak edo betiko saltoki txikiak, nekazariak edo supermerkatu handiak…
Kontraesanak kontraesan, eta eman beharreko eztabaidak emanez (behar beste denbora eta merezi duten kalitatea eskainiz), antolatzen hasi gara guztion mesedetan eta helburu argi batekin: Auzoko problematika orokor eta espezifikoei erantzun ez ezik, irtenbide ere emateko. Horregatik, oraina baina hobea den etorkizunagatik borrokatzen zuelako Kijerak ere; eta horregatik erail zutelako Kijera gaur gu jipotzen gaituzten polizien arbasoek ere. Kale berberetan.
Bide luzea dugu aurretik eta gazteok bakarrik ez goaz urrutira. Hori bai, ez dezagun ahaztu gaurko gazteon borrokan dagoela biharkoen etorkizuna.
Alboan zaituztedan guztiei; eutsi eta egurra etsaiari.