Wuhan eta kultura segurua
Wuhanen pasa nuen azken Urtezaharra. Bertan sentitu nuen azken aldiz jendez beteriko kontzertu baten berotasuna. Aretoa goraino beteta, abestiak, pasioa, izerdia, hitzak, oihuak, crowedsurfing-ak, musika. Taldea fin, gozatzen, pozik, etxean, soinua eta arimak lagun. Maskara, protokolo, distantzia, edukiera murriztu edo hidrogelik gabeko kontzertu bat. Gogoratzen?
Chinese Football taldearen zuzeneko hura etortzen zait burura barruan dudan kontzertu gose hori pizten zaidan bakoitzean. Tamalez, urruti ikusten da musikaz baldintza horietan gozatzeko eguna. Baina tira, gure esku ez dagoenak ez gaitzala itsutu. Musika ez da gelditu, sua ez da itzali eta espero zena baino emanaldi gehiago egin dira. Bai antolatzaileak, bai musikariak, bai teknikariak, baita publikoa ere, egoera berri honetara moldatu beharrean izan gara.
Egia esan, gaur egungo kontzertuak arraroak dira oso. Nire azken Gabonetako abentura baino surrealistagoak dira. Distantziek, hutsuneek, maskarek, jendearen espresio faltak eta irmotasunak zaila egiten dute giroa berotzea, magia hori sortzea. Tira, ikasi beharko bakoitzak ahal duen moduan gozatzen, eta badaude moduak. Askotan sutzen gaituzten berritsuez libratu gara behintzat! (Ez beti).
Kezkagarriagoa da zuzeneko musikaren inguruan lan egiten duten profesionalen egoera. Diskoetxe, grabaketa estudio, areto, antzoki, soinu teknikari, argi teknikari, backliner, antolatzaile, musikari, eta abar. Jende askoren ogibidea airean. Kulturari agintariek ematen dioten balioa berriz ere agerian. Antzoki eta aretoak itxita, kontzertuak bertan behera, hondartza eta tabernak beteta (ni ere bertan).
Kultura segurua da. Aldapan gora bada ere kontzertuak antolatzen jarraitu duten haiek ari dira frogatzen. Ez da transmisiorik agertu kultur ekitaldietan eta agertzekotan ere, identifikatzeko eta jarraitzeko beste inon baino errazagoa litzateke. Eredugarri izanda ere, kultura beti susmopean. Ez dugu merezi. Egoera hau luzatzen bada ondorioak larriak izan daitezke. Imajinatzen kulturarik gabeko gizarte bat? Kultura segurua da, baina ezin dugu segurutzat hartu. Zaintzen ez badugu, gal dezakegu. Denon esku dago sua piztuta mantentzea.