Xabier Vazquez: 'Posturak'
Anoeta estadio ondoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak izugarrizko afitxa jarri du. Hau da, geure diruarekin pankarta erraldoia jarri dute, zera esateko: Mas Gipuzkoa es menos complejos. Queremos mas Gipuzkoa. Gaztelania hutsean.
Gerora ikusi dut autobusetan eta beste euskarrietan ere antzeko mezuak dituen kanpaina osoa garatu dela. Hainbat gai jorratu dituzte, mezu nahiko hutsalekin. Hutsaletan hutsalena, ordea, ikusi dudan lehen hori da: Mas Gipuzkoa es menos complejos. Queremos mas Gipuzkoa. Edukia ez dut oso garbi. Nori zuzendua zaion are gutxiago. Susmoa dut, baina, helburua garbia dela: diru publikoa lagunen bati ematea eta hauteskundeak urruti ez diren honetan, baten batek “hemen nago” esatea.
Menos complejos. Nire ustez, halako pankarta jartzen duenak dauka konplexurik handiena. “Gipuzkoa gehiago” aldarrikatzen duenak, zer eskatzen du zehazki? “Gipuzkoa hobe” agian oso zehaztugabea da, baina behintzat mezu baikorra ematen du. Zer deabru eskatzen du “gehiago” dioenak? Ermua, Hendaia eta Beraren anexioa?
Zoritxarrez, esan moduan, ez dut uste kanpaina abiarazi duenari mezua bereziki axola zaionik. Xedea zera da: zer edo zer esatea, azaltzea, hor egotea. PSEk “kudeatzen” duen sail batek ekin dio kanpaina honi, eta etxeko estiloari eutsi dio.
Hain da desegokia PSEk baliabide publikoei emandako erabilera, non bere gobernukide EAJk berak gaitzetsi dion jarrera. Alderdi gehienei –guztiei, egia esan– lepora dakieke zerbait arlo honetan. PSEkenak, ordea, muga guztiak apurtzen ditu. Postura guztietan –gauzei seinalatzen barne– ikusten ditugu egunero sare sozial eta komunikabideetan.
Hala, EAJk berak leporatu dio publikoki bere gobernu lagunari urrutiegi joan izana. Jakina, hau ere hauteskundeak gertu direla esan dute. Antza, o ustekabea! Orain jabetu dira jelkideek euren gobernukideek autopropaganda hutserako duten zaletasunaz. Ez zekiten, ez, horrelakoak zirenik Donostia eta Gipuzkoako erakundeetarako elkar hartu zutenean. PSEko zerrenda buruak ez dira-eta ezagunak horrexegatik.
Batzuena postureoa da. Besteena ere, aurrekoena kritikatzea, beste horrenbeste. Orain ez-adostasunak mahai gainean jarri dituzten arren, neuk ere postura garbia egingo dizuet: baietz hurrengo hauteskundeen ondoren ere ahal duten guztietan gobernuak osatu EAJk eta PSEk. Akaso lankidetza horri zuzendu bide dio Foru Aldundiko Lankidetza Sailak Mas Gipuzkoa menos complejos mezua.