Xabier Vazquez: 'Publikoa'
Antzoki Zaharra. Beldurgarria edo fantastikoa omen den filma. Ikusle batzuk burubelarri, pantailari so. Besteak jan eta edanean. Baten bat lozorro goxoan. Bat-batean, oihu lazgarri bat nagusitu da antzokian. Aste osoko hotzikararik handiena. Baina garrasia ez da pantailaren beste aldetik etorri, publiko artetik baizik. Ez zaio ikarari zor. Eta ikara baino gehiago, auzolotsa eragin dizu.
Aurrekoan, Ion Lopezek zerrendaturiko “aieneen” artean, zaharkituak geratu diren Beldurrezko Zinemaldiko frikiak zeuden. Hala da, Zinemaldiko frikiak zaharrak geratu gara. Baita Zinemaldia bera ere. Abonamenduak betikook hartzen ditugu eta beste aulkietara joaten direnei “gonbidatuak” bailiran begiratzen diegu.
Arriskua hortxe datza. Batzuen ustez zinemaldia “betikoen” txokoa da, “betiko” hitzak euskaraz (hartu) dituen esangura ia guztiekin. Adibidez, oraindik harritzen nau isiltasuna eskatzen duenari iseka egiteak. Neuk ateraldi batzuk entzutea gogoko dut; baina, nola sentitzen da ikusle bat nor sarrera ordaindu duen besteari arauak ezartzeko?
Neure kasuan, noizean behineko ateraldi barregarriak atsegin arren, erabat aspergarria zait pertsona bat etengabe aritzea ozen filmaz gaizki esaka. Aurten, abonatu horietako bati filmen %90 ez zaio gustatu. Baina, bere eskuzabalean, etxean geratu eta 70 euro aurreztu beharrean, bere iritzia denoi esatera etortzea nahiago izan du.
Matraka baino are kezkagarriagoa da ateraldi batzuen edukia. Zuzendari batek bere filma euskaraz aurkeztean, lehengo xelebreak itzultzailea eskatu zuen. Donostia. 2018. Emanaldi publiko batean. Beste hainbat arlotan ere begirune handiagokoak ez diren ateraldiak egiten dituzte “betikoek”.
Publikoa” ikusle-multzoa ez-ezik, zinemaldia antolatzen duen erakunde eta dirua ere badira publiko. Bada garaia beldurrezko zinemaldiak gaiari hel diezaion.