Zergatik Amara Berriko Gazte Asanblada?
Azken urteotan sarri entzun izan dugu gazte asanbladaren kontzeptua. Azken urteotan diot, baina azken urtean garrantzi nabarmena hartu duela esango nuke. Zertarako balio digu, gaur egun, gazte asanblada batek? Zer dela eta horrenbesteko zalaparta gazteon artean? Bada, badago erantzunik afera hori argitan jartzeko, eta ausazko gertaeretatik urrun daude denak.
COVID-19aren testuinguruak nabarmen bistarazi du honez gero abian zegoen krisi kapitalista. Langile klasea gogor kolpatu du horrek, eta egun moldagarriak garen gazteon gain, besteak beste, jausi da krisiaren zama. Esango nuke begi bistakoa dela egoera hau Amara Berrin ere: etxetik alde egin eta alokairua ordaintzeko esfortzu amaigabeak kezkatzen gaitu, lan baldintza eskasek itolarria baino ez dakarkigute. Are, auzoan sozializatzeko hautuak tabernan esertzeko plana baino ez du bistarazten. Aipatu berriko egoerak kasu adierazgarrienak dira, baina ez horregatik bakarrak. Izan ere, adibide faltan ez ninteke geldituko inoiz.
Badakit gazteok soilik ez ditugula pairatzen arazook. Errobi taldeak, ordea, hala zion kanta batean: «Bakoitzak, beraz, bere sailean ezar ditzala harriak». Eta, neure ustez, horri ekin beharko genioke Amara Berrin ere gazteok: auzoan harriak ezartzeari, geure aletxo propioa jartzeari; izan ere, aurrerago, elkarren lanak ongi uztartuz, altxako baititugu etxeak langile klase osoaren alde.
Nago lerrootan aipatutako guztiak ez nauela soilik ni kezkatzen, eta askok sentitu dugula, behin baino gehiagotan, Amara Berrin ere presente ditugun arazoei aurre egiteko espazioaren eta taldearen beharra. Horren aurrean, guk geuk utzi dezakegu gure lekukotasuna bertan, eta egun daukagun egoera hankaz gora jartzeko bidea egin. Horregatik da beharrezkoa gazte asanblada Amara Berrin, eta horregatik goaz sortzera Amara Berriko Gazte Asanblada.