Zinema eta euskarazko azpidatziak
Zinemaldia amaitzear den honetan, astebetez zine aretoak bete ditugu eta mundu osoko filmak ikusteko aukera izan dugu. Hizkuntza asko entzun ditugu egun hauetan, pelikula denak jatorrizko bertsioan proiektatzen baitira. Euskara ere sail desberdinetan entzun ahal izan dugu. Sail Ofizialetik hasi, Zuzendari Berriak sailetik pasa, Zinemiran geldi alditxo bat egin eta amaitu gabeko lanei azken bultzada emateko sortu berri den WIP Europe saileraino.
Zine aditu askok diote zine zuzendariak filma egiterakoan erabiltzen duen hizkuntza ere bere sorkuntzaren zati dela, eta bere horretan kontsumitu beharko genituzkeela filmak. Seguruenik hau egia da, baina Zinemaldian denon artean zine aretoak betetzen ditugun arren, urtean zehar ez da horrelakorik gertatzen. Askotan, telebistan azpidatzitako edukiak eskaintzen dituztenean, ikusleek katez aldatzen dute, eta audientzia datu baxuak ematen dituzte. ETB3-k egin zuen saiakera filmak jatorrizko bertsioan azpidatziekin eskaintzeko, baina abentura hark ez zuen gehiegi iraun.
Egia da ez gaudela ohituak azpitituluak irakurtzera, eta Zinemaldian aretoak lepo eduki arren, urtean zehar jatorrizko bertsioan ematen diren saioetara ez dela jende asko hurbiltzen. Ostegun gaueko Principe aretoetako saioak, Truebako film independenteak, Tabakalerako zine aretoa eta Kresala zineklubeko saioak dira astero-astero zinemaz jatorrizko bertsioan gozatzeko ditugun aukera bakarrak. Saio horietako gehienetan azpidatziak gazteleraz izaten dira, baina zer gertatzen da euskarazkoekin?
Pelikulen proiekzioa negozio bat da, eta banaketa enpresak dira estatu bakoitzean filmak aretoetara eramateko eskubideak ordaintzen dituztenak. Filmak jatorrizko bertsioan erosten dituzte, eta banaketa enpresak erabakitzen du filma bikoiztu ala ez, baita azpidatziak zein hizkuntzatan jarriko dituzten ere. Negozio izaera horren ondorioz, ez dugu euskarazko azpidatzirik aurkitzen inongo film komertzialetan. Erakunde publiko batzuek, ostera, Donostia Kultura eta Euskadiko filmategia adibidez, eskaintzaren herena euskarazko azpidatziekin proiektatzen dituzte, euskarazko azpidatzien presentzia egunez egun handituz. Beste erakunde publiko batzuen kasuetan, zoritxarrez, euskal azpitituluen presentzia hutsaren hurrena da. Baina proiekzioak gauzatu ostean zer gertatzen da azpidatzi horiekin?
Kasu askotan galdu egiten direlakoan nago, seguruenik inor ez delako arduratu film horiek biltzeaz. Eusko Jaurlaritzak badu Zineuskadiren bitartez finantzatzen den Filmazpit programa, eta hark jasotzen ditu Donostian gauzatzen diren jaialdi gehienen azpidatziak. Zoritxarrez, Euskararen eremu geografikoan gauzatzen diren beste zinemaldi guztienak ez, eta hau aldatu beharko litzateke, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu dituen jaialdi guztien euskarazko azpidatziak datu base publikoan egon beharko lirateke. Filmazpit programak bi ardatz ditu: alde batetik, euskaraz azpidatzitako film batzuekin osatutako katalogoa kudeatzea; bestetik, euskal azpitituluen datu-basea —beraiek katalogotik kanpo izena jarri diotena—.
Ez da batere erraza webguneko bilatzailean zer dagoen aurkitzea eta zer ez. Nire ustez, bilaketa aurreratuak egiteko aukera eman beharko lukete, filmaren urtea, zuzendaria, jatorrizko hizkuntza edo fitxategiaren jatorria bezalako iragazkiak erabilita.
Harritzen nauen beste kontu bat da helburu bereko proiektu pribatu bati Eusko Jaurlaritzak diru laguntza ematea. Gauza bera egingo duten bi proiektu elikatzea baino, ez al litzateke hobe proiektu bakarra, publikoa eta indartsua izatea?